Bost emakume zinemagile gazteren proiektuak film bihurtzeko hautagai

(H)emen ikus-entzunezko eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak Aukera programa sortu du 18 eta 35 urte arteko euskal emakume zinemagileei film labur bat ekoizten laguntzeko. Lehen edizioa da aurtengoa eta bost proiektu aukeratu dituzte formazio prozesurako: Azkena (Ane Inés Landeta eta Lorea Lyons), Prioridades (Tamara Lucarini, Jone Arriola eta Ana Angulo), Cuidado! (Olaia Nogales eta Llucía Pla), Hemen bizi da maitasuna (Enara García eta Ainhoa Olaso) eta Pomo D'oro (Nerea Sciarra, Itxaso Frau eta Allende Grandmontagne). Hautatutako lantaldeek gidoigintza, zuzendaritza eta ekoizpen ikastaroak jasoko dituzte eta baita genero ikuspegiaren inguruko bat ere.
Formazio prozesuan Lara Izagirre, Ana Hormaetxea, Estibaliz Urresola, Maider Oleaga, Olatz Beobide, Izaskun Arandia eta Nahikari Ipiña izango dituzte mentore. Programa amaitutakoan hauek bi proiektu aukeratuko dituzte eta Bilboko Zinebiren itxiera galan iragarriko dituzte azaroaren 19an. Aukeratutako lan bakoitzak 3.000 euroko Aukera saria jasoko du film laburraren ekoizpena bultzatzeko.
Guztira 66 emakumek eman dute izena programan eta 26 proiektu aurkeztu dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz eta genero eta formatu anitzekoak.