Borja Cobeaga: “Konplexuak kentzea, hori da gakoa”

Borja Cobeaga: “Konplexuak kentzea, hori da gakoa” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/borja-cobeaga-konplexuak-kentzea-hori-da-gakoa/@@download/image/77p28Cobeaga1.jpg
2007/09/07
elkarrizketa
Alberto Irazu
2007a Borja Cobeagaren urtea izaten ari da. Joan den otsailera arte, inork gutxik ezagutzen zuen Donostiako gazte hau, baina urte hasieran Oscar sarietarako izendapena jaso zuen eta horrek ospetsu bihurtu du. Eramos pocos film laburraren kopia mordoa ekipajean, Borjak pozik hartu zuen Los Angeles hirira eraman zuen hegazkina, eta etxeratu ere halaxe egin zen, Oscar osabaren estatuatxorik gabe, baina pozik bere kopiak Hollywooden banatu zituelako. Espiritu baikor bera antzeman diogu prestatzen ari den lehen film luzeaz mintzatu zaigunean. 

Youtuben duzue Borja Hollywoodera eraman zuen film laburra. Aita eta semea dira protagonista. Goiz batez, emazte eta ama dutenak, baina urteekin euren neskame/esklabo bihurtutakoak, etxetik ihes egin diela konturatu dira. Hor hasiko dira aita eta semearen komeriak: alfer pare horrek ez baitaki ez arrautza frigitua prestatzen, ez etxeko lanik errazena egiten. Beraz, kuxidade ezak eta goseak hiltzeko arriskuaren aurrean, amona ekarriko dute zahar etxetik. Hortik aurrera, zeuek ikustea hobe…                

Naif ukitu inoxentea duen arren, karga emozional eta sozial handiko filma da Eramos pocos. Eta gai unibertsal bati heltzen dio: Euskal Herrian, AEBetan, mundu osoan, gizonezko gehienek ez dutelako sekula etxeko lanik egiten, eta neskame bihurtu dituztelako euren ama/emazte/amonak. Seguru asko, filmak konbinazio horri esker izan du halako arrakasta.   

Gizonezkoak zure filmean bezain alferrak eta baldarrak al gara benetan?

Ez dut gizonezkoak orokorrean juzgatzeko eta mezu moralik zabaltzeko asmorik izan. Dena den, nik horrelako jendea ezagutzen dut, eta besteren bizkar bizi diren parasito mota horiek existitzen dira, edo existitzen gara, hobe esanda. Filmak ez du sexuen arteko gerrarik planteatu nahi, ez du gizonezko eta emakumezkoen arteko ezberdintasunen azterketarik egin nahi. Besterik gabe, Euskal Herrian askotan gertatzen den zerbaitez hitz egin nahi nuen: emakumezko batekiko dependentzia duten gizonezkoez.

Emakundek etxeko lanak banatzearen alde diseinatutako kontzientziazio kanpaina batzuk baino eraginkorragoa iruditu zait zure filma…

Egia esan, bi eratako erantzunak izan ditut. Batzuek emakumeen eskubideen aldeko mezu gisa ulertu dute filma, eta beste batzuei, aldiz, emakumezkoen esklabotzaren aldeko alegatua iruditu zaie; azken batean, gizonezko pertsonaiak maitasun handiz tratatzen ditudalako. Ez bata, ez bestea. Hala ere, niri horixe gustatzen zait, jendeak gauzak bere kasa ulertzea.

Goazen Los Angelesera. Nolakoa da hiria?

Oso egoera berezian bisitatu nuen, eta burbuila batean bezala egon nintzen. Baina, egia esan, badago Los Angeles ezagutzeko modu hobeagorik Oscarretarako izendatuta joanda baino? AEBetako hirien paisaiak ez du zerikusirik Europakoekin, Ameriketakoak hiri erraldoiak dira. Harrigarria iruditu zitzaidan han ez duzula inor kalean oinez ikusten, eta zu oinez ikusten bazaituzte, gaizki begiratzen zaituztela, askoz gauza praktikoagoa iruditzen zaielako batetik bestera autoan ibiltzea. Los Angeles oso hotza da, baina era berean, hiri ikusgarria da. Argazki kamera atera, eta edozein enkuadre eginda pelikula batean zaudela ematen du. Ulertu egiten duzu zinema zergatik egiten duten.

Eta Los Angeleseko jendea? Nola bizi dute Oscar sarien banaketa?

Zine industriaren inguruan sortutako hiri bat da, garai batean hura basamortua zen, eta hiria zine estudioekin batera hazi zen. Biztanlegoaren erdia zinema munduan ari da lanean, eta beste erdiak mundu horretan sartu nahi luke. Oscar sarien garaian, hiri osoa inauterietan bezala dago, ikuskizunean erabat murgilduta.

Ikuskizuna, horixe da hitza…

Bertan egon gabe ez dago sinesterik. Sarien banaketa egunean limusinean eramaten zaituzte Kodak Theaterera, eta Harrysoneko gizonak baino ez dituzu ikusten inguruan, hiria erabat setiatua dago, eta ekitaldi militar batera iristen ari zarela ematen du. Gero, antzoki barruan, zeremonia milimetroraino kalkulatua dago, dekoratua hamaika aldiz aldatzen dute, eta jendea sartu-irten etengabean dabil. Zakur zaharrak dira horretan.

Aurrez aurre, Hollywoodeko aktoreak pantailan bezain perfektuak dira, edo galdu egiten dute gertutik ikusita?
Batzuek galdu egiten dute, eta beste batzuek irabazi. Esaterako, Robert Downey Jr pantailan baino askoz magnetikoagoa iruditu zitzaidan, eta Cameron Diaz, aldiz, nahiko arrunta. Aktoreek oso modu profesionalean daramate ospetsu izatearen kontu hori, ez da hemen bezala. Hemen, telebistan bi rol ziztrin egin dituzten aktore askok jainkoak direla uste dute, eta zaborra bezala tratatzen zaituzte. Han, aldiz, sinpatiaren profesionalak dira, eta zurekin bakarrik hogei segunduz egon behar badute ere, hogei segundu horietan norbait berezia sentiarazten zaituzte. Hango aktoreek oso barneratuta dute zinema mundua ikuskizun hutsa eta negozio bat dela, eta atseginak izan behar dutela beti. Hemen oso diferentea da.

[Borjak hiru urterekin izan zuen zeluloidezko iniziazio esperientzia, gurasoek hiru seme-alabak Star Warsen V. kapitulua ikustera eraman zituztenean (The empire Strikes back, Irvin Kershner 1980). Hiru urteko ume bati dagokion bezala, Borja lo geratu zen, baina hala ere, lozorroa ez zen erabatekoa izan; laino artetik, Luke Skywalker, Han Solo eta Leia printzesa ikusi zituen, elurretan borrokan. Urte asko igaro ondoren jakin zuen, elurretako borroka hori Galaxietako Gerra izeneko sugetzarraren pasarte ospetsuenetako bat dela, baina ordurako, Borja hasia zegoen lehen bideofilmak egiten eta zinemaren barne-mekanismoak aztertu eta aplikatzen. Hain justu, ikasketa garai hartakoa da Borjak zinema areto batean bizitako bigarren shocka: La madre muerta (Juanma Bajo Ulloa, 1993) ikusterakoan jabetu zen, oso urrun joan gabe, Gasteizen bertan, oso zinema indartsua egin zitekeela. Urte berean, beste hainbeste gertatu zitzaion Alex de la Iglesia bilbotarraren Accion Mutante filmarekin]       

Zer estimatzen duzu zuzendari batengan?

Tonuari begiratzen diot, istorio bati ematen zaion tonuari. Drama eta komedia nahasten dakiten zuzendariak miresten ditut, hori oso zaila delako. Istorio on bat izatea, aktore onak izatea, argazkia txukun samar egitea, hori nahiko kalkulatuta egon daiteke, nahiko neurgarria da, nolabait esateko. Baina tonua beste gauza bat da; zehaztu gabeko zerbait da, ukiezina, neurtezina, eta horrexegatik miresten dut. Gaur egun Alexander Payn da nire eredua, About Schmidt da nik egin nahi nukeen pelikula.

Abuztuan, Europako zinemaren bi maisu hil ziren: Bergman eta Antonioni. Atsegin dituzu? Zure filmak ikusita, gertuago somatzen zaitugu Billy Wilder batengandik.

Etzazula uste. Antonioni duela gutxi hasi naiz estimatzen, baina gaztetan, egin behar ez denaren sinbolotzat nuen: bere zinema geldoa iruditzen zitzaidan, ezer kontatzen ez duen horietakoa, handinahia, itsusia. Aldiz, Bergman asko gustatu zait beti, Basamarrubiak (1957) eta Pertsona (1966) bereziki. Sarritan, asko gustatzen zaizkidan zuzendariak oso urrun daude nire estilotik. Billy Wilder bai, asko gustatzen zait, baina nahiago ditut bere dramak bere komediak baino.

Oscar sarien atarian esan zenuen, Babel (Alejandro Gonzalez Iñarritu, 2006) eta Borat (Larry Charles, 2007) filmeetatik bat aukeratu behar bazenu, Borat aukeratuko zenukeela. Politikoki zuzenagoa zen kontrakoa esatea. 
 
Nik Borat nahiago dut, dudarik gabe. Babelek genio txarrez jartzen nau: oinazea ikuskizun bihurtzen duelako, eta azken mugaraino eramaten duelako dena. Nik ezin dut sinetsi film horrek kontatzen duena, eta gainera, ez zait interesatzen: hainbeste desgrazia, hainbeste dramatismo, oso behartua dago guztia. Babeli kontrajarrita United 93 (Paul Greengrass, 2006) aipatu nuen, eta hori ere drama da. Beraz, argi dago genero gisa ez daukadala ezer dramaren aurka: aldea da United 93 ondo kontatua dagoela, Babel, ordea, ez.

[Inguruari eta ingurukoei begira egotea atsegin du Borjak. Behaketa horietatik sortzen zaizkio bere filmeetarako ideia asko. Txikitan minibasket talde batean aritu zen, eta Gipuzkoako txapelketa ere irabazi zuten. Kontua da, entrenatzaileak beti eserlekuan uzten zuela Borja, eta gutxitan ematen ziola kantxara irteteko aukera. Egun umorez gogoratzen du pasadizo hura, inguruari beha egoteko joera agian eskerlekua berotzen emandako saio haietan sortu zitzaiola esanez. Ez da txorakeria, hala ere. Borja bere lehen film luzearen gidoia prestatzen ari da gaur egun: Donostian kokatutako komedia bat izango da, eta goi sukaldaritzaren munduari kosk egingo dio. Donostiar baten kasuan, hori inguruari eta ingurukoei begiratzea ez bada…]

Zergatik goi sukaldaritza?

Euskal Herrian sukaldaritza erabat sakralizatua dago, eta sukaldariak, sukaldariak baino, rock izarrak dira. Totemak. Euskal herritar gehienek erraz aipatuko dizkizute bertako bost sukaldariren izenak, baina gutxik dakizkite bost euskal idazleren izenak. Sukaldaritza futbola bezalakoa da Euskal Herrian.

Arzak, Subijana, Berasategi, Argiñano eta abarrak parodiatzen ausartuko zara, beraz?

Hori da. Oraindik ez dut haiekin hitz egin, baina umorez hartzea espero dut. Azken batean, ez da beraiei buruzko film bat izango, sukaldaritzarekiko mirespen horri buruzkoa baizik. Gustatuko litzaidake sukaldari horietako gehienak filmean ateratzea, baina ez sukaldariarena egiten, beste aldean jarri eta bezeroarena egiten baizik. Hala ere, oraindik ez dut haiekin hitz egin. Ramon Barea, Maribi Bilbao, Gorka Otxoa, Santi Ugalde, Alejandro Teferia… bigarren mailako pertsonaiak jokatuko dituzten aktoreak buruan ditut jada, baina protagonistak ez, ordea.

[Madrilen bizi da gaur egun Borja. Lan kontuak direla eta, azken bi urteetan ezin izan du Donostiako Zinemaldira etorri, baina aurten etortzekoa da, bere film labur bat eskaini behar baitute Kimuak sekzioaren barruan. Bere garaian, gazteen epaimahaiko kide izan zen laupabost aldiz, eta 50 filmetik gora ikusten zituen urtero].

Urtero-urtero, Zinemaldian glamour eta izar gehiago eskatzen dituzten horietakoa al zara?

Oreka behar da Donostia pozik uzteko, azken batean, izarrak eta jende ospetsua horretarako ekartzen dituztelako, donostiarrek Zinemaldia izarrekin lotzen dutelako. Dena den, hori baino askoz garrantzitsuagoa da filmak ondo aukeratzea, kalitateak egiten duelako handi zinemaldi bat. Bestea jendeari zirkua eskaintzea da.

Iaz Kutsidazu bidea, Ixabel estreinatu zuten Zabaltegi sailean. Nola ikusten duzu euskarazko zinema? Aurrera atera al daiteke?

Noski aurrera atera daitekeela. Aupa Etxebeste da adibide perfektua. Planteatua dagoen bezala, pelikula hori ezin da gazteleraz egin, euskaraz egitea da bide bakarra, eta gainera, kalitate handiz. Zentzu horretan, ez da beldurrik izan behar. Istorio bakoitzak bere hizkuntza du kontatzeko orduan, eta azken urteotan euskaraz egindako film guztiak kasu argiak dira. Istorio horiek ezin ziren gaztelaniaz kontatu. Kontua da laguntza handia eman behar dela euskarazko zinema bideragarria izateko, egoera ahulean dauden hizkuntzen kasuan, produkzio handien kontrako lehia askoz gogorragoa delako.

Atzerrian ere funtziona al dezake euskarazko zinemak?

Begira guk Serbiako edo Kroazioako zenbat pelikula ikusten ditugun. Ez dago alderik horretan. Berriro diot, adibiderik onena Aupa Etxebeste da, Madrilen jende askok ikusi du, euskaraz tutik ere jakin gabe eta euskaldunekin batere harremanik izan gabe. Eta hala ere, oso film ona iruditu zaie. Konplexuak kendu behar ditugu gainetik, hori da gakoa.

cobeagaren kuttunak:



Violator, Depeche Mode. “Nire anaia nagusiarengadik jasotako eragina da. New Order eta Depeche Mode asko jartzen zituen etxean”.
Mar de fondo, Patricia Highsmith.  “Asko gustatzen zaizkit Highsmithen nobelak. Bere thrilleretan ematen du sekula ez dela ezer gertatzen ari”.Rio Bravo. (Howard Hawks, 1954) “Asko gustatzen zait westerna, eta gainera, oso kontentu geratzen zara film hau ikusi ondoren. Asko atsegin dut zinematik kontentu ateratzea”.
Kirk Douglas. “Inoiz ez du pertsonaia erabat zintzo bat antzeztu, beti izan du alderdi ilun hori. The bad and the beautiful (Vicente Minelli, 1952) pelikulan izugarri dago”.
Katherine Hepburn. “Oso tipikoa da bera aukeratzea, baina aktore izugarria izan zen”.
Marmitakoa. “Gure aitak primeran prestatzen du”.
Gaueko hamaikak. “Ordu horretan belarrezko orujo bat hartu ohi dut beti”.