Blue monday: urteko egunik tristeena?

Blue monday: urteko egunik tristeena? Gabonak igaro dira, urtarrilean bete-betean sartu gara, eguraldi txarra egiten du... ez da urteko garairik alaiena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/blue-monday-urteko-egunik-tristeena/@@download/image/chega-de-mimimi-825x510-1.jpg
2018/01/15
berria
Gabonak igaro dira, urtarrilean bete-betean sartu gara, eguraldi txarra egiten du... ez da urteko garairik alaiena.

Astelehen honetan ohetik altxatzea ohikoa baino gehiago kostatu bazaizu, badago arrazoi bat: gaur blue monday da, urteko egunik tristeena. Ez da black friday edota cyber monday egunen antzeko asmakizun komertzial bat; Cardiffeko unibertsitateko Cliff Arnall psikologoaren arabera, urtarrileko hirugarren astelehena gogorrena da guztiontzat.

 

Baina zergatik da horren gogorra urteko hirugarren astelehena? Asteko lehen egunean goiz jaikitzea zaila dela ez da sekretua inorentzat, baina Arnallen arabera, beste faktore batzuk ere pilatzen dira egun berean; urtea hastean gure buruari egindako erronkak ez ditugu bete, Gabonetan gastatutakoak zulo bat egin du gure poltsikoan, motibazio falta dugu eta eguraldi txarrak ere ez du laguntzen.

 

 

Eta zer egin dezakegu urteko hirugarren astea ezkerreko hankarekin hasi badugu? Bi aukera ditugu; edo ohean gelditu eta mundua pikutara bidali, edo zezena adarretatik hartu eta goibeltasunari aurre egitea. Horretarako, hemen dituzu astea gozatzeko gomendio batzuk:

 

- Mimatu zure burua: ibiltzera atera, egin kirola, ondo lo egin...

- Eman kapritxo bat: joan zinemara, hartu izozki bat urtarrila izan arren...

- Gelditu lagunekin: kafetxo edo zurito baten laguntzarekin, arazo guztiak ahaztuko dituzu konpainia onenean!