Blaka: Rock gosea

Blaka: Rock gosea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/blaka-rock-gosea/@@download/image/20112498blaka_1361547695.jpg
2011/02/04
erreportajea
Blaka: Rock gosea
Kate motzean lotu beharreko boskotea da Blaka. Donostiarrek 23 zuzeneko eman dituzte sorrerako urtean eta euren maketa luze jo gabe dastatu ahal izango dugu.

Galerna izan zitezkeen. Edo Atzaparrak. Baina ez, Blaka dira. Manex Rodriguez (baxua eta gitarra), Jon Agiriano (gitarra), Iker Vazquez (bateria), Lander Ganzo (ahotsa) eta Iñigo Ozaeta (baxua) donostiarrek osatzen dute Blaka taldea. "Lagun baten ezizena da Blaka, eta talderako horrek bete gintuen gehien".

Urtebete daramate musikaren munduan. Edo entseguen eta kontzertuen zurrunbiloan, hobeto esanda. Musikan lehenago hasi ziren, baina 2009ko abenduan jarri ziren aurreneko aldiz oholtza baten gainean, ikusleak aurrez aurre zituztela. Ordutik 23 zuzeneko eman dituzte. Haietako bi oso gogoan dituzte. Uztailean Doctor Deseo eta EH Sukarrarekin Donostiako Kaian jo zutenekoa da horietako bat. "Doctor Deseoko Francis Diez oso jator jardun zen gurekin; eszenatokiaren atzealdean egon zen jo genuen bitartean, eta ez hori bakarrik: gitarra bat behar bagenuen hark utziko zigula esan zigun". Blakaren orain arteko beste mugarria joan den urtearen amaieran Barricadaren aurretik Pasai Donibanen aritu zirenekoa da. "Aurrera egiteko zortea behar da eta guk zortea izan dugu orain arte, aterik jo gabe deitu izan digutelako; lagunek jaietan-eta entxufatu gaituzte", diote, zintzo.

Ikasi eta ikasi. Hori da Blakako musikari gazteei dagokiena: "Ez da gauza bera eszenatokirik gabeko toki batean jotzea edo oholtza gainean eta 2.000 lagunen aurrean aritzea".

ACDC zaleak dira, eta haien lehen emanaldietan hori agerikoa zen. Kortatu edota Esne Beltzaren abestiak ere jotzen zituzten, "jendearentzat errazak zirelako eta giroa jartzen zutelako". Azken kontzertuetan Led Zeppelin edota Sexty Sexersen kantak izan dituzte ahotan. "Eskola zaharrekoak dira, eta Sexty Sexers oso onak dira! Orain technoa dago nonnahi eta guk 70eko hamarkadako gitarra hotsak atsegin ditugu!". Bertsioak bai, baina euren abestiak ere bai. Pixkanaka besteen arrastoa utzi eta euren berezko estiloa garatzen ari direla diote. Horren lekuko, sortutako zortzi abestiak; zortziak rock kantak dira, eta euskarazkoak.

Lehendabiziko maketa egin egin dute, Hau da hau titulupekoa. Abesti batek izenburu hori bera du: "Esnatu eta rocka deskubritzean bizitza berri bati ekiten dion gizonaren istorioa kontatu dugu kanta horretan". Orain maketa txukundu nahi dute eta hori burututa, berriz ere kontzertuz kontzertu hasiko dira. Eta gero gerokoak. "Egia da diskoetxeren batek gugana jo izan duela, baina oraingoz nahiago dugu lasai egon; oso gazteak gara". Ondo gogoratu izena: Blaka.