'Black Mirror' telesailaren egilearen ustetan mundua ilunegia bihurtu da

'Black Mirror' telesailaren egilearen ustetan mundua ilunegia bihurtu da Charlie Brookerrek ez du Netflixen telesail arrakastatsuaren 6. denboraldian parte hartuko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/black-mirror-telesailaren-egilearen-ustetan-mundua-ilunegia-bihurtu-da/@@download/image/hero-05-19-ftblackmirror__01.jpg
2020/05/08
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Charlie Brookerrek ez du Netflixen telesail arrakastatsuaren 6. denboraldian parte hartuko.
'Black Mirror' telesailaren egilearen ustetan mundua ilunegia bihurtu da

Munduaren alde iluna azaleratu eta kontzientziak aztoratzeko gaitasuna dute Netflix plataformako Black Mirror telesaileko kapituluek. Etorkizunaren mamuak modu beldurgarrian iragartzen dituzte, teknologiaren eta gizakion izaera ikaragarrienaren arteko lotura apokaliptikoak irudikatuz eta gizarteari kritika zorrotzak eginez. Dagoeneko urtebete igaro da 5. denboraldi bikaina estreinatu zenetik, eta 6.a bidean da, baina telesail honen sortzaileak ez du parte hartuko oraingoan.

Charlie Brookerrek Radio Times-en eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, ez du uste ikusleek erortzen diren gizarteen inguruko istorio gehiago ikusteko indarrik dutenik, eta komedia lantzen ibili da istorio distopiko eta apokaliptikoak zokoratuz: "Hainbat kontutan sartuta ibili naiz, baina oraingoz, ez nago ziur jendeak urdailik izango duenik suntsitzen diren gizarteen inguruko istorioak irensteko. Nire aurpegi komikoa bisitatzeko gogoz nabil, eta barrea eragingo duten hainbat gidoi idazten nabil".

KORONABIRUSAREN AURREAN, KOMIKIA

Bestalde, zaila gertatzen ari zaie telesailei errodajeekin aurrera egitea pandemiaren erdian; gauzak horrela, badira irudimena astindu eta denboraldiak amaitzeko moduak topatu dituztenak. 'Blacklist' telesailak esate baterako, komikien kutsuko animazioko irudiekin osatuko du bere zazpigarren denboraldiko amaiera. Pandemiak denboraldiko 19. kapitulua errodatzen harrapatu die, eta besterik gabe denboraldia amaitutzat eman ordez, dagoeneko errodatutako irudiak nahastuko dituzte animazioarekin. Emaitza maiatzaren 15ean ikusi ahalko da NBC katean.