Bizkaiko bertsolari gazteen 'Plazara!' zirkuitua datorren astean hasiko da

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Bizkaiko bertsolari gazteei zuzendutako bertso zirkuitua jarriko du martxan datorren larunbatean. Bi helburu ditu proiektuak: alde batetik, gazteen plazaratzean eragitea, eta, beste aldetik, gazteen saretzea eta talde izaera indartzea.
1996-2003 urte artean jaiotako 27 gaztek eman dute izena eta sei saiotan banatuko dira bertsolariak. Parte-hartzaileak kantuan aritzeaz gain, antolatzaile ere izango dira. Elkarteak jakinarazi duenez, "aurtengo bertso-zirkuitua Bizkaiko sei eskualdetatik igaroko da eta hilabetean saio bat izango da. Hilabete bakoitzean eskualde baten ardura izango da, beraz, saioa etxean hartu eta antolatzea".
Lehenengo saioa Gernika-Lumon izango da urtarrilaren 29an, 18:30ean, Arrano tabernan. Busturialdeko parte-hartzaileek izango dute saio hau antolatzeko ardura. Unai Mendiburuk, Janire Arrizabalagak, Maddi Askaiturrietak eta Beñat Bilbaok abestuko dute bertan.