Bizipoza elkarteko kideen lana islatzen duen kantu eta bideo egitasmoa sortu dute bigarrenez

Bizipoza elkarteko kideen lana islatzen duen kantu eta bideo egitasmoa sortu dute bigarrenez Bi kantu eta bideo kaleratu dituzte oraingoz, eta datozen asteetan zabalduko dira hurrengoak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizipoza-elkarteko-kideen-lana-islatzen-duen-kantu-eta-bideo-egitasmoa-sortu-dute-bigarrenez/@@download/image/jarraia208992.jpg
2022/02/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazki nagusia: Ibai Arrieta

Bi kantu eta bideo kaleratu dituzte oraingoz, eta datozen asteetan zabalduko dira hurrengoak.
Bizipoza elkarteko kideen lana islatzen duen kantu eta bideo egitasmoa sortu dute bigarrenez

Bizipoza Elkarteak  kantu eta bideoklip-sorta biltzen duen ekimenaren bigarren bilduma aurkeztu berri du. Bizipoza elkartea irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da, eta "izaera bereziko gaiak" lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Elkarte, haur eta familia hauek transmititzen dituzten baloreak jasoz aberastu, hezi eta gizarteratzea da euren helburua eta, bide horretan jarraitzeko asmoz kaleratu dute Mundu berri bat guztiontzat (2), kantuak eta bideoak jasotzen dituen CDa eta DVDa. Elkarteek egunero egiten duten lana eta lantzen dituzten gaiak ezagutzera eman nahi dituzte, eta bideoklipek ere hori erakusten dute. 

36 elkartek osatzen dute Bizipoza, eta proiektu honetarako horietako batzuk hartu dituzte, hainbat euskal sortzailerekin batera hamaika kantu eta bideoklip egiteko. Xabier Zabalak konposatu ditu kantu guztiak, eta Jon Garmendia Txuria, Alaia eta Jon Martin Etxebeste, Sustrai Colina, Jon Maia, Onintza Enbeita Maguregi, Oihane Perea Perez de Mendiola, Andoni Egaña, Gotzon Barandiaran Arteaga, Ane Labaka Maioz, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza Aranoak idatzi dituzte hitzak.

 

Musikari ugari izan dituzte lagun, tartean L.M. Moreno Pirata-k haize instrumentuak jotzen, Igor Telletxea baterian, Ruben Caballero gitarran, eta Ritxi Salaberria baxuan. Kaabestri hari laukoteak ere parte hartu du. Horiez gain, beste hainbat abeslari eta musika taldek ere parte hartu dute kantuan, hala nola Maren, Alaia eta Jon Martin Etxebeste, Estitxu eta Petti, Anari Alberdi eta Jon Maia, Alex Sardui, Jurgi Ekiza, Motxila 21, Francis, Doctor Deseo, Demode Quartet, AMAK, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Ainhoia Moiua ere ageri da bideotan, zeinu hizkuntzan interpretatzen. 

Bizipoza auzolan bideoklipa kaleratu dute lehenengo, bildumako azkenekoa, elkarte guztien ahalegina laburbiltzen duena eta kolaboratzaile guztiek batera grabatu dutena, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera. Hogeitabira ere argitaratu berri dute, EH Down Sindrome Fundazioarekin elkarlanean. Hurrengo bideoak hurrenkera eta data hauetan plazaratuko dituzte Bizipoza elkartearen webgunean:

• Otsailaren 4an, Txokotxoa (Beroa Elkartea).
• Otsailaren 8an, Guztiontzat (Bortzirietako Guztiok Taldea).
• Otsailaren 11n, Beste pauso bat (Ademgi Elkartea).
• Otsailaren 15ean, Parke bat (Super H Elkartea).
• Otsailaren 18an, Mundu bat non (Etiopia Utopia Fundazioa).
• Otsailaren 22an, Gaur gu gara eguna (Sanfilippo Elkartea).
• Otsailaren 24an, Izan gure lagun (Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteak).
• Martxoaren 1ean, Nahi ibili gurekin? (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea).
• Martxoaren 4an, Misha Txikia (Txernobilen Lagunak Elkartea). 

CDaz eta DVDaz gainera, liburuxka bat ere kaleratu dute, eta elkarte horiei buruzko informazioa eman dute horietan. Ipuin bat eta kantuen letrak ere erantsi dituzte, baita abestietan parte hartu dutenen argazkiak ere. Eñaut Aiartzaguenak egin ditu ilustrazioak. Hemen eros daiteke liburu, CD eta DVD bilduma. Spotifyn eta Youtuben ere egongo dira kantuak entzungai eta ikusgai. Proiektu honen lehen bilduma ere eskuragarri dago.