Bizikidetzaren aldeko partiturak

Bizikidetzaren aldeko partiturak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizikidetzaren-aldeko-partiturak/@@download/image/integrasons_01_1373015708.jpg
2013/07/08
erreportajea
Testua eta argazkiak: Saioa Baleztena
Hezkuntzan edukiei aitortu ohi zaien garrantzia bigarren mailan uzten du Pablo Persicok (1979, Buenos Aires). Irabazi asmorik gabeko Integra Sons elkartearen sortzailea eta zuzendaria da, eta bere egitekoa argi du: musikaren bitartez, jendartean zailtasun handienak dituzten haur eta gazteei ateak zabaltzea.


Buenos Aireseko hainbat eskolatan musika irakasle izan ondotik, 2007an iritsi zen Argentinako konposatzailea Bartzelonara, ttikitatik odolean zeraman pasioari forma ematera. Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatean Kultur Kudeaketa masterra amaitu, pixkanaka-pixkanaka urratsak egiten hasi eta 2011z geroztik Integra Sons elkartearen gidaritza du eskuartean Persicok. Bartzelonako Orkestra Soziala, Badalonako Barris en Solfa eta Bartzelonako Poble-Sec auzoko Do d' Acords orkestrak dira, hain zuzen, proiektu honetako pentagramaren lerro garrantzitsuenak. Etorkin auzoetan ari dira lanean Integra Sons egitasmoko orkestrak, errealitate kultural korapilatsuak dituzten inguruetan baitu, batez ere, zentzua Persicoren proiektuak. Orotara, jatorri desberdinetako 850 haur eta gaztek hartzen dute parte, eta zuzendariak proiektua martxan jarri zuenean argi zuen auzo horiek musika behar zutela "herrialde eta testuinguru hain desberdinetan hazi diren haurrak hobeki egokitzeko". Ohiko logikari buelta eman eta baliabide ekonomikorik ez daukatenei eta elkarbizitzan arazo gehien dituztenei erraztu nahi die bidea.

Do d'Acords, akordioen doinua
Bartzelonako Poble-Sec auzoko Carles I, Jacint Verdaguer eta IES Consell de Cent eskoletako eta 12@16 elkarteko 40 haur eta gaztek osatzen dute orkestra hau, eta astean bitan elkartzen dira Albareda Kulturgunean. Bi taldetan banatzen dituzte: gaztetxoak batetik, eta haurrak bertzetik. "Orri zuri bat dugu eta guztion artean, musikarekin jolastuz, hori betetzen joatea da egun bakoitzeko helburu bakarra", dio Persicok.

Orkestra, hala ere, ez dute Pablok eta haurrek bakarrik osatzen. Asteazken eta ortziraleroko saioetan Aitziber Olabarri bilbotarra dute perkusio irakaslea, eta Jacinto Ela, Ariadna Roca, Sergi Garcia eta Borja Nuñez laguntzaileak. "Helburu eta metodologia aldetik eskola berekoak gara Pablo eta biok, eta horrek emaitza hobeak eragiten ditu, zalantzarik gabe. Interesgarriena da talde gisa funtzionatzen dugula, eta hori da igorri nahi dugun baloreetako bat", azaldu du bilbotarrak.

Musika eskoletan ohikoak diren moldeetatik eskapo egiten dute eta, teoria hutsera mugatu ordez, "musikak inprobisazioaren bidetik eskaintzen dituen aukera guztiak barne-garapenaren alde erabiltzea" dute jomuga. Behin oinarrizko edukiak barneratuta, askapenari eta elkarrizketari uzten diote tartea. "Beltza beltza dela eta kortxea kortxea, badakigu. Hortik aurrera, baloreak dira protagonista eta, azken urteetan, haur hauen auzoetan eman den gizarte eraldaketa prozesuan eredu bilakatu nahi dugu, jatorri hain desberdinetako familien arteko elkarrizketa sustatu eta erreferentziazko topagunea izan dadin auzoko orkestra".

Haurrak dira proiektu honen onurak sumatu dituzten lehendabizikoak. Brasilen jaio zen Arthur Freitas-ek, adibidez, hamahiru urte ditu eta, Londresen urte batzuk eman ondotik, Bartzelonara iritsi eta bertan egokitzeko prozesuan, gaztetxoen orkestran aurkitu du bere txokoa. "Zoriontasunaren bideranzko bultzada jasotzen dut Pablo eta Aitziberren aldetik. Edozer gauza behar dugula ere, alboan ditugu laguntzeko prest", azpimarratu du.

Sebastian, berriz, Bogotan jaio zen duela hamalau urte eta jatorrizko musika ikasi zuen. Bateria lehendabizi, eta pianoa gero. "Pablok herrialde guztietako musika tresnak ekartzen ditu eta hori guretzat sekulako aukera da. Aparteko musika tresnak eta ikasketa metodoak erabiltzen ditugu eta, horregatik, arauetara mugatu gabe musikaz gozatzeko aukera dugu hemen". Sebastian, gainera, azken kontzerturako melodia bat sortzeaz arduratu zen. "Garrantzitsua da haurrek etxean sortzen dutenari entseguetan eta emanaldietan tartea egitea", dio Persicok. "Lotsa pasa nuen hasieran, baina izugarri ongi sentitu nintzen gero. Orkestra honetako lagun aunitzek bezala, doinu bat sortu eta publikoaren aurrean bakarrik jotzeko gai naizela ikusi dut", azaldu digu Bogotako gaztetxoak. "Berebizikoa da ume bakoitzak duen garrantzia jendartearen aurrean azpimarratzea" eta horretarako hainbat bide dituztela azpimarratzen du Persicok: "Kontzertu bakoitzaren bukaeran, adibidez, banaka-banaka haur guztien aurkezpena egiten dut argi gelditu dadin Do d'Acordsen neska-mutil bakoitzak duen protagonismoa. Nire maila berean baitago orkestrako kide bakoitza".

Bizikidetzaren soinu banda
Musikarekiko pasioa konpartitzen dute denek eta, ondorioz, hori dute elkar ulertzeko hizkuntza unibertsala. "Musikak ez du mugarik, eta hunkigarria da testuinguru erabat desberdinetan hazi diren ume hauek musikaren bitartez nola elkar ulertzen duten ikustea", adierazi du zuzendariak.

Pedagogia eraldatzeko eta aberasteko sorkuntza espazioak ahalbidetzea da Integra Sonsen helburu nagusia, musikaren bitartez, gizartean kondiziorik txarrenetan bizi direnei garapenerako bideak irekitzeko. "Pertsonekin lan egiten dugula presente edukitzea ezinbertzekoa da, hori ahazten dugun momentuan egiten dugunak zentzua galduko baitu. Baloreekin lan egiteak bereizgarritzen gaitu" eta, ondorioz, Persicok argi du "haurrek gainontzeko eskoletan aurkitu ezin dutena eskaintzea" dela erronkarik handiena. Ikastetxe gehienetan nagusi den haurrekiko konfiantza ezak kezkatzen du eta, bere aburuz, heziketa programa finkoetara mugatzea da arazo nagusia, "egitarau hutsal bat baino askoz ere gehiago baita heziketa".

Txaloa, saririk zintzoena
Asteroko saioetatik haratago, kontzertuak dira Integra Sons ekimenaren partitura osatzen duen bertze pieza garrantzitsu bat. "Txaloa da haurrek jaso dezaketen saririk zintzoena. Emanaldi bakoitzean, gurasoen aurpegiak begiratu eta harridura eragiteko gai direla ikusteak autoestimua igotzen die; horixe baita artista batek duen erronkarik handiena". Errekonozimendua guztiontzat da pozgarria, eta testuinguru berezi hauetan hazi direnentzat are gehiago.

Entseguetan ikasitakoa berpizteko ez ezik, geletako lau pareten artetik ateratzeko modua aurkitzen dute haurrek kontzertuetan. "Guraso gehienek ez dakite beren seme-alabak egiten dutena egiteko gai direnik", azpimarratu du zuzendariak. "Aita edo ama kontzertura joateak haurraren bizitza alda dezakeela ikusi dugu. Neska-mutil hauek beren izaera baliogabetzen duten hamaika ohituratan murgilduta bizi baitira eta, zentzu horretan, txalo zintzoak bide anitz irekitzen dizkio euretako bakoitzari".

Carles I eskolako musika irakaslea da Elisabet Egea eta berak argi du umeek 180 graduko aldaketa eman dutela: "Barne-garapenerako musikak duen garrantziaz jabetzen dira eta orkestran parte hartzen ez duten gainontzeko umeei kutsatzen diete hori".

Jacint Verdaguer eskolako Nuria Lacasa zuzendariak ere begi onez ikusten du egitasmoa: "Bizikidetzaz harago ere eragina du egitasmoak. Taldean lan egiten ikasi dute orain arte elkarlana zer zen ez zekiten haurrek eta, batez ere, ohitura txarrak alboratuta aisialdia beste modu batera bideratzen lagundu die orkestrak".

Zabaltzen

Buenos Airesen Jose Antonio Abreu Anselmi Venezuelako Haur eta Gazteen Orkestren Sistema Nazionalaren sortzailearekin edukitako solasaldi baten harira aldatu zen Bartzelonara Pablo Persico. Gero eta eskola gehiagok dute bere metodologian interesa, eta gero eta handiagoa da "naturaltasun osoz" hazten joan den ametsa.

Aurrerantzean, horregatik, orain arteko "konstantzia eta arretaren bidetik jarraituta", geografian barrena urrats gehiago egitea da argentinarraren helburua. "Buenos Airesen baditut pare bat kontaktu, eta horien bitartez zerbait mugitzen hasi naiz dagoeneko bertan. Horretaz aparte, Italian ere hedatu nahiko nuke. Proiektu honi, momentu oro, naturaltasunak eman dio zentzua. Azken finean, pausoak eman ahala aurkitu dudan pertsona bakoitzak zer edo zer oparitu dit".

Euskal Herrian ere jarri du begirada: "Iruñean eta Gasteizen baditut hainbat lagun, horietako batek nirekin ikasi zuen, eta oraindik proiektu konkreturik ez badut ere, gero eta argiago dut lehenago edo beranduago hara iritsiko garela!"