Bizi itxaropena aberatsentzat da

AEBetako osasun sistema lehen munduko okerrena da hainbat ikerketen arabera, eta azken honek, datua baieztatu besterik ez du egiten. JAMA-k egindako azterketak dioenez, harreman zuzena dago herrialdeko biztanleen maila ekonomikoa eta bizi itxaropenaren artean. Hala, herrialdeko biztanleen %1, aberatsenak direnak, 93 urte bitarteko bizi itxaropena dute; alta, txironenen bizi itxaropena ez da 78 urtetara iristen. Beste modu batera esanda, 15 urteko tartea dago aberatsen eta txiroen artean.
Munduko motor ekonomikoa izan arren, AEBetako bizi itxaropena eta biztanle kopurua nabarmen jaitsi da azken hiru urteetan, eta bataz-beste ez dute 80 urteko bizi itxaropena gainditzen (egun 78,6 urtetan kokatzen da). Datu hauek sekulako kontrastea suposatzen dute herrialde europearrekin alderatuta, eta baita txiroagoak diren hainbat herrialderekin, Txile edota Costa Rica kasu.
Baina ez hori bakarrik. Ikerketek diotenez, aberatsen bizi itxaropenak gora egiten duen bitartean, txiroenena behera doa. Hala, ezberdintasuna geroz eta nabarmenagoa da.