Bisexualitateak: c aukera

Bisexualitateak: c aukera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bisexualitateak-c-aukera/@@download/image/86p54sexua2_1363304234.jpg
2008/06/06
erreportajea
TESTUA: nerea sancho psikologoa eta Sexologoa.
Bisexualitateak: c aukera
Zer atsegin duzu? mendia ala hondartza? Haragia ala arraina? Burua ala gorputza? Lanean ala ikasten ari zara? Realzalea ala Athleticzalea zara? Ezkondua ala ezkongabea? Homosexuala ala heterosexuala? Mundua dikotomizatu, bitan banatu nahian bizi gara: A eta B. Baina non geratzen da C aukera?  

Gure ingurunea ulertzeko eta gertakariak aurreikusteko, kategoriak egiten ditugu. Gizarteak kategoria dikotomikoak egin ditu; hau da, bi aukera eskaintzen dizkiguten kategoriak. Antolaketa horrek modu estuan aurkezten du errealitatea, eta gatazkak sortzen dizkigu; izan ere, mundua askoz ere anitzagoa eta aberatsagoa da.

Realzalea ala athleticzalea ote den galdetuz gero, futbola gustuko ez duen batek ez du erantzuna emateko irtenbiderik izango. Ezta osasunazaleak edo alaveszaleak ere. Ez baitago galderan C aukerarik. Eta C horretarako aukera ematen denean ere, aukera hori gutxiesteko edo faltsutzat jotzeko aukera izaten da, eta ukatu egiten dugu, edo burla egiten diogu...

Desira erotikoaren orientazioari dagokionez ere hala gertatzen da. Modu erabilienak desiratutako pertsona sexu berekoa ala beste sexukoa den kontsideratzen du, eta horrela, homosexual eta heterosexual kategoriak sortzen dira. Kategorizazio modu honetan c aukera ere badago: bisexualak. Hirugarren etiketa honek gatazka asko sortu ditu. Kategoriak egiteko beste modu batzuk ere badaude, hala ere. Adibidez, 'ginerastak' eta 'andrerastak' bereizten dituen ikuspuntua hor dago. Norbere sexua zein den kontuan hartu gabe (mutila naiz/neska naiz), pertsona bat zein sexuk erakartzen duen aintzat hartzen du: neskak atsegin dituzten pertsonak 'ginerastak' lirateke eta mutilak atsegin dituztenak, berriz, 'andrerastak'.

Bisexuala naiz?

Betidanik, gizakiak mitoak sortu ditu ulertzen ez dituen gauzen inguruan, eta bisexual etiketa horren inguruan hamaika mito edo sinesmen faltsu sortu dira. Haietako batzuez ariko gara hemen.

Adibidez, askotan esaten da bisexualitatea bizitzako garai batean gertatzen dela, eta gero desagertu egiten dela. Baina hori ez da horrela. Bi sexuekiko erakarpenaren hasiera izan daiteke bisexualitatea, bizitza osoan iraungo duena. Izan ere, pertsonak ez du bere desira aukeratzen, baina bai, ordea, desira horrekin zer egin. Bizitzako edozein unetan sor daiteke ordura arte desiratu gabeko sexu batekiko erakarpena, baita zahartzaroan ere.

Bi sexuekin harreman erotikoak izateak ez du inor bisexual bihurtzen. Etiketa horiek pertsonalak dira, eta norberak bere burua identifika dezake haiekin, ala, alderantziz, etiketa horiez paso egin.

Kalean bisexualitatea oso gaizki ulertu da, eta bisexualez ari garenean, harreman asko eta kontrolik gabe dituzten pertsonez ari garela uste da. Baina edonor izan daiteke bisexuala. Eta bisexual horiek pertsona jakin batzuk dituzte gustuko, eta beste batzuk, ez. Bisexualek ez dute besteek baino desira erotiko handiagoa.  

Beste mito oker bat ere badago: topaketa erotikoetan, izarapean, bisexualek dena dutela gustuko. Baina heterosexualen edo homosexualen antzera, bisexualei ere gauza batzuk gustatzen zaizkie, eta beste batzuk, ez.  Zenbait jokaera sexu batekin bakarrik praktikatu ahal izango dituzte, eta beste batzuk, beste sexuarekin soilik. Eta ez dute zertan jokabide erotikoak bi sexuekin aldi berean izanik. Hirukote bat egitea, heterosexualentzat eta homosexualentzat aukera bat den bezala, bisexualentzat ere aukera bat da; besterik ez.

Bestalde, askotan pentsatu da bi sexuekiko erakarpena sentitzen duten pertsonak emozionalki desorekatuak direla, eta arazo psikologikoak dituztela. Baina, horretan ere, ez dago desberdintasunik bisexualak direnen eta ez direnen artean.

Gaur egun, monogamia kontsekutiboak izaten dira harremanak izateko modu ohikoena. Hau da, pertsona bakar batekin bikote bizitza egitea, eta harremana bukatzen denean beste bakar batekin bikote bizitza hastea. Bikote izateko modu honek leialtasun-adostasun bat dakar, inplizitua ala esplizitua; hau da, beste inorekin harremanik ez izatea ados dezakete bikotekideek. Eta bisexualek itun hauek besteek bezainbeste edo bezain gutxi betetzen dituzte. Eta besteen antzera, bizitza osorako bikote harremanak ere izan ditzakete.

Beste mito batek bisexualak asetu ezineko pertsonatzat ditu. Edo, urrunago joanez, esan izan da bisexualak ez gizonek ez emakumeek ez dituztela asebetetzen, eta bi sexuak behar dituztela. Baina ez da egia: kontua da bisexualek bi sexuenganako sentipen indartsuak izan ditzaketela, edo zuzenago esanda, zenbait emakumekiko eta zenbait gizonekiko sentipen indartsuak. Adibidez, bisexualek bi sexuetako bat bestea baino erakargarriagoa izatea ohikoa izaten da. Baita sexu bakar bat bikotekide-gai izatea ere, nahiz eta bi sexuak, neskak eta mutilak, gustuko izan.

C aukerak ezezagunak eta irristakorrak izan ohi dira beti, grisak —txuri eta beltzaren arteko aukerak— ematen dizkigutelako. Haiek ukatzeak  arazoak sortuko dizkigu.

Sexesaldia


Mae West-ek esana:  “Ez dut bikotekiderik, horrela jaio nintzelako”.    

Sexideia


Bakarka ala konpainian: Kalera atera azpiko arroparik gabe. Konpainian bada, bikotekidea probokatu horren kontura.

Konpainian: Hilero erronka bat proposatu. Adibidez, urtarrilean, afari erromantiko bat. Otsailean, mozorrotzea etxean. Martxoan, asteburu bat kanpoan. Apirilean, gau batean bat izango da sendagilea eta bestea, gaixoa…

Sexkubidea


Sexu emozioen adierazpen eskubidea: sexu jokabideetan eman daitekeen plazeretik haratago doa. Norbanakoak bere sexualitatea adierazteko askatasuna dauka, komunikazioaren, harremanen, emozioen, adierazpenen eta maitasunaren bitartez. 

Sexeguna



Ekainaren 28a: Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna/Gay Harrotasunaren eta Harrotasun Lesbiar, Bisexual eta Transexualaren Eguna. 1969ko ekainaren 28an, New York-eko poliziak homosexualen aurkako sarekada egin zuen Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan. Sarekadak istilu luzeak eragin zituen. Orduz geroztik, aldarrikapen eguna da ekainaren 28a.