Birusa, bere gorenean

"Normaltasun berria" estreinatu dugun egun berean, munduan COVID-19 kasuen zifrarik altuena detektatu da azken 24 orduetan; 183.000 positibo berri. Horietatik 50.000 Brasil, AEB eta India herrialdetan detektatu dituzte; hain zuzen, horiek dira egun gaitzaren daturik larrienak dituzten eremuak. Mundu osoan, dagoeneko 9 milioi kutsatu eta 500 mila hildako utzi ditu pandemiak.
Aipatutako zifrekin zorabioa hartu dezakegu, eta ez da gutxiagorako; hain zuzen, normaltasun berriarekin batera mugak ireki eta oporraldia hasiko da, eta horrekin batera, kutsatze berriak gertatu daitezke. Hain zuzen, aurreko astean koronabirus kasu berriak agertu ziren Alemanian, eta Suedian ere kasu dezente dituzte, besteak beste.
Euskal herrian aldiz, azkeneko 24 orduetan ez da inor hil koronabirusaren ondorioz, baina 13 positibo atzeman dituzte.
Amesgaiztoa ez dela amaitu gogoratzea komeni da; ez beldurrez bizitzeko, noski, arduraz baizik. Dagoeneko denok ikasi dugu nola ekidin kutsatzeak; gure esku dagoenarekin betetzen badugu, udaz gozatzea lortuko dugu ingurukoen eta geure osasuna arriskuan jarri gabe.