Biodiesela, etorkizuneko erregaia

Biodiesela, etorkizuneko erregaia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/biodiesela-etorkizuneko-erregaia/@@download/image/38p32-1_1368528682.jpg
2004/02/06
erreportajea
Igor Arizmendiarrieta
Biodiesela, etorkizuneko erregaia
Europako hainbat herrialdetan bezala, Ekogaia elkartekoek biodiesel erregai alternatiboa bultzatu nahi dute gurean.

Ekogaia elkartea duela urtebete sortu zuen Etxarri-Aranazko gazte talde batek. Elkarteak bi helburu zituen. Batetik, energia berriztagarriez informazioa eskaini nahi zuen. Bestetik, Europan —Frantzia, Italia, Austria, Txekiar Errepublika, Alemania, Holanda, Danimarka eta Islandia— bira egin dute behatoki mugikor batez —furgoneta eta karabana— energia berriztagarriei buruzko egitasmoak ezagutzeko. Lau hilabetez Europa aldean ibili eta gero, Euskal Herrian ari dira lanean eta, jasotako informazioarekin, hitzaldiak, erakusketak eta bestelakoak egingo dituzte datozen hilabeteotan.

Biodiesela bultzatu
Ekogaia-koen erronka nagusia ibilgailuetan biodieselaren erabilera sustatzea da. Biodiesela landare oliotik lortutako erregaia dugu eta, tratamendu kimiko txiki bat eginez, diesel motorra duen auto orotan erabil daiteke. Autoei ez zaie motorrean aldaketarik egin behar erregai hau erabili ahal izateko. Aitor Karasatorre Ekogaiako koordinatzailearen hitzetan, "auto berrietan ez dago arazorik. Auto zaharretan, berriz, arazoren bat egon daiteke, biodieselak aurretik erabilitako erregaiaren zikinkeriak mugiarazi eta iragazkiak zikin ditzakeelako". Onurak, aldiz, ugariak dira: merkeagoa da, ez du sufrerik —euri azidoaren sortzaile—, ezta nitrogeno konposaturik ere, erregai agortezina da… Karasatorrek dioenez, landareetatik eratorritako erregaiek abantaila asko dituzte: "Autoari aldaketa txiki batzuk eginez gero, etxeko olio arruntaz ere  primeran ibil daiteke!". Harrigarria, baina egia da. Beraz, behin patatak frijituta, olio horrekin autoa martxan ipini genezake. Ekogaiako lagunen arabera, landareetatik sortutako erregaiak dira etorkizuna. Zergatik? Petrolioa agortzen ari delako. 

"Hogei urterako petrolio erreserbak ditugu", diote Etxarri-Aranazkoek. Beraz, energia berriztagarriak omen dira etorkizuna: biodiesela, haize energia… Berri zehatzagoa izateko, hona hemen Ekogaiaren web gunea: www.ekogaia.net.