Billy Bob Thornton: Marinel tatuatua

Billy Bob Thornton: Marinel tatuatua https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Billy Bob Thornton: Marinel tatuatua

Musika izan zen Billy Bob Thornton morbosoaren amets bakarra nerabezaroan. Ikasketak amaitu eta gutxira, ordea, lanean hasi eta Melissa Lee Gatlin gaztearekin ezkondu zen. Ez zuten elkarrekin gehiegi iraun, baina. Maitasun harremanak porrot egin ostean, musikaren mundura itzuli zen Arkansasko cowboya. Hala, "Tres Hombres" rock & roll talde xumean bateria jotzaile eta abeslari aritu zen urte luzez. Arrakastak, ostera, ez zuen inoiz bere atea jo. Goseak, bai. Diru ezak patata hutsez osatutako 'dieta' egitera derrigortu baitzuen morroia. Bihotza, noski, matxinatu egin zitzaion eta heriotzaren besoetan erortzeko zorian izan zen. 
Gauzak horrela, pixkanaka-pixkanaka, musika utzi eta zinemaren xendra arantzatsuetan barna galduz joan zen Billy Bob ameslaria. Hastapenak gordinak izan ziren oso. Txukun jan ahal izateko, "Choper Chicks in Zombietown" gisako itxuragabekeri okagarrietan parte hartu behar izan zuen eta. "One False Move" ilunak, baina, patua aldatu zion erabat. Aurrekontu handiko ekoizpenetan lan egiteko eta proiektu independienteak garatzeko aukera eskaini baitzion. Urte batzuk geroago, "Sling Blade" filmak, gidoi onenaren Oscar saria ez ezik, zinemazale finenen laudorioak ere ekarri zizkion.
"Sling Blade" aparta, ordea, zuzendu duen harribitxi bakarra da. Izan ere, "All the Pretty Horses" eta "Daddy and Them" kaskarrek ez baitzuten bere estreinako film zirraragarri haren mailarik erdietsi. Nolanahi ere, azken urteotan aktore bezala izugarri hazi da Billy Bob. "The Man Who Wasn´t There"  eta "Monster´s Ball"  film ederretan egin duen lan bikaina da, hain zuzen, horren lekuko.
Interpretazioaren alorrean ondo baino hobeto doakion arren, maitasun kontuetan ohi bezain pattal dabil Billy Bob. Bost aldiz ezkondu, eta bost aldiz ere dibortziatu baita gizona. Eta, gainera, lau seme-alaba ditu. Angelina Jolie "Sex symbol" txundigarria izan da bere azken biktima. Tatuajeak betirako diren arren, maitasunak iraungitze-data duela ahaztuta ote zuen neskatoak? Orain, aldiz, Danielle Dotzenrod modelo erakargarriak hartu omen du Jolie sentsualaren lekua Billy Boben bihotzean. Marinel tatuatuak emaztegai bat du zain portu bakoitzean. Liz Taylorren marka apurtzeko gai izanen al da?

Nortasun Agiria
Izena: Billy Bob Thornton.
Jaioteguna: 1955-VIII-4
Jaiolekua: Hot Springs (Arkansas/AEB).
Neska-laguna: Danielle Dotzenrod modeloa.
Zaletasunik gustukoena: Azala tatuajez apaintzea.
Bizio bat: Ezkontzea. Seigarren ezkontzaren atarian dago.
Maite du: Sexu basa.
Gorroto ditu: Hollywoodeko exekutiboak.
Idazlerik gogokoena: William Faulkner.
Musikaririk estimatuenak: Beefheart, The Animals, Neil Young