Bilboko Zinemaldi Fantastikorako filmak aurkezteko epea zabaldu dute

Bilboko Udalak antolatutako FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoa 2023ko maiatzaren 5etik 13ra izango da, eta bertan parte hartzeko lanak aurkezteko deialdia martxan da jada.
Lanak jasotzeko epea otsailaren 5ean amaituko da, igandean, eta lanak aurkezteko prozesuaren oinarriak eta xehetasun guztia webgunean kontsulta daitezke. Filmak Movibeta Festival (www.festival.movibeta.com) edo FestHome (www.festhome.com) webguneen bidez aurkeztu beharko dira.
Sari ugari
Jaialdiak bere sariei eutsiko die film luzeen arloan: Sail Ofizialeko Film Luzerik Onenaren Sariak 3.500 euroko ordaina izango du, eta Panorama Fantastikoa Saileko Film Luzerik Onenaren Saria, berriz, 2.250 eurokoa izango da.
Bestalde, Sail Ofizialean, Film Labur Onenaren Sariak 3.000 eurokoak izango dira, eta Euskal Film Labur Onenaren Saria, 2.000 eurokoa. Panorama Fantastikoa Saileko Film Labur Onenak 1.500 euroko saria jasoko du.
Gainera, Jaialdiak Sail Ofizialeko film luzeen ohorezko sariak mantenduko ditu: Euskal Gidoilarien Elkarteak emandako Gidoi Onenaren Saria eta Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria, FAS Cine Clubak ematen duena; eta baita Publikoaren Saria Sail Ofizialeko Film Luze Onenari ere.
Horiez gain, FANTROBIA Saria ere banatuko da. Edizio bakoitzean, azken urteotan fantasiazko zinema-generoan goraka doan balioa ordezkatzen duen pertsona bati ematen zaio saria.