Bilboko Ingeniaritza Eskolako hiru gaztek app bat sortu dute taberna, jatetxe, kirol eta kultur instalazioetako edukiera ezagutzeko

Laura Dávila, aplikazioa eskuetan duela. Argazkia: UPV/EHU
Industria Ingeniaritzako hirugarren mailako ikasle batek eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako tituludun bik merkataritzako edo aisialdiko lokalen edukiera kontrolatzeko eta, horrela, osasun krisiak ezarritako segurtasun neurriak betetzea errazteko aplikazioa sortu dute.
Menu erraz baten bitartez eta klik gutxi batzuetan, YetPlan app-ak (yetplan.com), adibidez, taberna baten okupazio-maila ezagutzeko eta terrazan mahai batez gozatzeko erreserba egiteko aukera ematen die erabiltzaileei, eta, aldi berean, negozioaren kudeatzaileari espazioa kudeatzeko doako tresna ematen dio.
EHU-ko webgunean argitaraturiko albistean aipatu dute: “konfinamendu honetan, Eskolan genuen prestakuntzak laguntzeko zeozer egiteko aukera ematen zigula ikusi dugu. Gure ustez, konfinamenduaren ondoren ezarriko diren edukiera mugak kudeatzea oso zaila izango da lokalentzat, baina, gainera, erabiltzaileentzat ere eragozpena izango dira. Beste herri bateko establezimendu batera joateko planak egiten badituzu, hobe izango da arreta emango dizuten ala ez aldez aurretik jakitea, iristean, buelta eman behar ez izateko”, azaldu du Laura Dávila aplikazioaren ikasle sortzaileak, Eskolako ingeniari tituludun diren Lucas de Lecearekin eta Javier Viañarekin batera.
Erabilera erraza eta doakoa
Aplikazioa doakoa da, eta oso funtzionamendu erraza du. Alde batetik, lokala erregistratu nahi duten lokalek jendearentzako ordutegia, zenbat mahai dituzten eta bakoitzean zenbat bezero eseri daitezkeen adierazi beharko dute, edukiera kontrolatzeko araudiaren arabera. Bestetik, jendeak erreserba egin ahal izango du, interesatzen zaion lekua (barrualdea, jangela edo terraza), zer ordutan joan gura duen eta zenbat pertsona joango diren zehaztuta. Modu automatikoan, sistemak datuak erregistratuko ditu, eta establezimendura iristerakoan erakutsi beharreko egiaztagiria erakutsiko du. Erreserba ezeztatzeko aukera ere ematen du, ideiaz aldatzen bada edo ezustekoren bat sortzen bada. “Gure asmoa arintze prozesuari ahalik eta segurtasun handienarekin aurre egin ahal izatea da, eta horretarako denok arduratsuak izan behar dugu eta gure jokabidea zaindu behar dugu. Atera eta jendearekin bildu behar gara, baina guk behar bezala jokatzen ez badugu ostalaria edo merkataria zigortua izan daitekeela ahaztu barik”, azpimarratu du Davilak.
YetPlanek gailu bilatzailea ere badu. Gailu bilatzaile horrek, erregistratutako zein lokaletara joan nahi den berehala lokalizatzeaz gain, jardueren eta udalerrien arabera bilatzeko aukera ematen du, eta, horrela, plan ugari antolatzea ahalbidetzen du, betiere, lokal, espazio edo instalazioaren okupazioaren eta edukieraren arabera benetako aukera dagoen ala ez aldez aurretik jakinda, eta erreserba itxiz.
Oraingoz zortitxarrez gazteleraz soilik dago eskuragarri.