Bilboko Gau Zuria asteburuan

Bilboko Gau Zuria asteburuan Hogeita bost arte-jardun izango dira gaurtik igandera bitartean hirian zehar sakabanatuak. Obra guztiak gauez gozatzekoak izango dira, baina artelan batzuk egunez ere ikusi ahal izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-gau-zuria-asteburuan/@@download/image/gau zuria.png
2021/10/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hogeita bost arte-jardun izango dira gaurtik igandera bitartean hirian zehar sakabanatuak. Obra guztiak gauez gozatzekoak izango dira, baina artelan batzuk egunez ere ikusi ahal izango dira.
Bilboko Gau Zuria asteburuan

Bilboko udazken kulturalaren barruan, hiriak Gau Zuria ospatuko du gaurtik igandera bitartean, iluntzeko zortzietatik aurrera. Argiztapenean, diseinuan, arte plastikoan eta bideo-sorkuntzan adituak diren pertsonen 25 arte-instalazio izango dira Bizkaiko hiriburuko kaleetan, plazetan eta eraikin ospetsuenetako fatxadetan. Arriaga Antzokian, Guggenheim Bilbao Museoan, Enkarnazio elizan, Azkuna Zentroan, Artelan Berreginen Museoan, Itsasadarrean, Kasilda Iturrizar andrearen parkean, Deustuko zubian edo Abandoibarreko pasealekuan kokatuko dira instalazioak, besteak beste. 

Bilboko Udaletxea bera proiekzio-pantaila handi bihurtuko da, eta udaletxeko hormetan poza eta itxaropena opatzeko mezuak irakurri ahal izango dira, bilbotarrentzat idatziak, pandemian zehar hirian non edo non entzun ahal izan den animo! uluarekin batera. 

Bilbon izango diren arte-instalazioen artean honako hauek izango dira: Barraskiloen inbasioa, dozenaka barraskilok Arriaga Plaza inbadituko dute, eta fatxadan gora irristatuz antzokiaz jabetuko dira; Intonaluci, Pío Baroja plazan egongo den instalazio interaktiboa, forma eta argi desberdinetako hiru disko, biraka hasten direnak biraderari eragiten zaionean; Zirkuko Mailua, Albia eraikineko fatxada feria-mailu handi bilakatuko da eta kolpatzeko gailua jarriko da Campo Volantín pasealekuan, eta publikoak bertatik hartuko du parte ikuskizun interaktibo honetan, pisuaren igoera irudikatzen duen proiekzio baten bidez; Zubietan Zuri,  Zubizurin egongo den argi-errainu, kolore eta soinu-efektu ikuskizuna; Eggs, Bizikidetza plazan kokatuko duten formatu handiko obra, arrautza frijitu erraldoi batzuk irudikatzen dituena; Jolasak, zoru gainean jarritako formatu handiko haur-jolasak, hiri-parke erraldoi bat irudikatzeko; Itsasargiak, kaleko farolak kolorez jantziko dira iragazki-sistema baten bidez, Abandoibarra eta Itsasadarra nabarmentzeko; eta Aurora Boreala Bilbon,  Bilbotik zirkulu polar artikora egindako espedizioa izango da, eta bi dantzari Itsasadarretik Artikoraino joango dira izozmendi baten gainean aurora boreal batek gidatuta. 

Arte-jarduerak gauez gozatu ahal izango dira, baina berritasun moduan, artelanetako batzuk egunez ere ikusi eta ezagutu ahal izango dira, hala nola Eggs, Bizikidetasun plazan kokatua, Hutsa Ontziratzen, Azkuna Zentroan, edo Barraskiloen inbasioa, Arriaga Antzokian.

Gau Zuriaren inguruko informazio osoa Bilboko Udalaren webgunean aurki daiteke.