Bilbao metal pop-rock erakustaldiaren hamasei kontzertu izango dira Aste Nagusian

Bilbao Metal Pop-Rock erakustaldiaren 37. edizioak hamasei emanaldi eskainiko ditu abuztuaren 17tik 24ra bitartean, Bilborock Aretoan. Egunean bi kontzertu egingo dira, 20:00etan eta 21:00etan, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
Bertako taldeak ezagutzeko parada izango dute ikus-entzuleek eta “irekitasuna eta eklektizismoa” izango direla aurreratu dute antolatzaileek; askotariko estiloak entzun ahal izango dira, hala nola elektro pop, hip hop, rap, swing, blues rock, indie pop eta punk doinuak.
Abuztuaren 17an, Sweet Rage eta Pomeray taldeek emango diote hasiera erakustaldiari. Emakumezkoen presentzia ere kontuan izaten dute eta Mikosis eta Las Sexpeares taldeak arituko dira abuztuaren 18an.
Ibai García Blues Project eta Memphis Belles taldeen blues eta rock bluesak girotuko du aretoa abuztuaren 19an, eta Simon Carranzaren pop-rocka eta VitterSweeten R&B Neo Soul elektro trufatua eta rapa ere izango dira abuztuaren 20an. Abuztuaren 21ean, pop-rocka ekarriko du Soporte Vital Basico taldeak eta hegoaldeko rocka, berriz, Triple Zero Band-ek. Abuztuaren 22an, berriz, Adur taldearen euskarazko rave-punka eta Doble Fuerza taldearen punk’n’rolla izango dira egitarauan.
Azkenik, azken asteburuan, metala iritsiko da. Lehenik, abuztuaren 23an, Fear Crowd taldearen heavy metal klasikoa eta 4 Villains-en metal rock melodikoa eta, amaitzeko, abuztuaren 24an, Frakture taldearen trash metala eta Knives-en crusting rock eta death soinuak izango dira.