Biktimak errudun bihurtzen dituzte

Biktimak errudun bihurtzen dituzte Azken asteetan oso entzuna izan da Harvey Weinsteinen sexu erasoen kasua Hollywooden; hainbat aktorek salatu dituzte ekoizle honen abusuak. Hainbat komunikabidek baina, salatzaileak kritikatu dituzte, bortxaketaren kultura babestuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/biktimak-errudun-bihurtzen-dituzte/@@download/image/Hollywood-Abusos_sexuales-Acoso-Machismo-Actrices-Cine_253987375_50234522_864x486.jpg
2017/10/18
berria
Azken asteetan oso entzuna izan da Harvey Weinsteinen sexu erasoen kasua Hollywooden; hainbat aktorek salatu dituzte ekoizle honen abusuak. Hainbat komunikabidek baina, salatzaileak kritikatu dituzte, bortxaketaren kultura babestuz.
Biktimak errudun bihurtzen dituzte

Duela aste gutxi egin zuen eztanda Hollywooden Harvey Weinstein film ekoizlearen kasuak. The New York Times aldizkariak argitara atera zituen ekoizleak emakume aktoreei egindako sexu erasoak, eta jarraian, Hollywoodeko aktore askok bere aurkako salaketa publikoak egin dituzte. Pixkanaka, zinemaren paradisu liluratzailearen trapu zikinak aireratzen joan dira, heteropatriarkatu boteretsuaren abusuak argitara ekarriz.

 

 

Gwyneth Paltrow, Angelina Jolie,  Cara Delevingne, Asia Argento, Mira Sorvino, Rosanna Arquette, Katherine Kendall, Ashley Judd, Romola Garai, Rose McGowan, Léa Seydoux... Asko dira egunotan Weinsteinen aurkako salaketa publikoa egin duten aktoreak. Eraso horiek mota askotakoak izan dira, eta hainbatek bortxaketak ere salatu dituzte. Baina hainbat medioentzat, susmagarria da orain, denbora asko igaro ondoren, denak batera egitea salaketa, eta zalantzan jarri ditu aktore hauen salaketak, konspirazio baten teoria zabalduz. Hala, Esquire eta Fotogramas zinema aldizkariek argitaratutako artikulu baten arabera, Weinsteinen aurkako salaketa desprestigio kanpaina bat da besterik gabe; artikulu horretan adierazten denaren arabera, larriena ekoizlearen irudia zikindu izana da, eta ez aktore horiek jasandako bortxaketak.

 

Zergatik jarraitzen dute biktimak errudun bihurtzen? Zergatik jartzen da zalantzan emakume horien salaketa? Kontutan hartu behar da salaketa jarri duten emakume guztien erasoak duela urte dezente gertatu zirela, 18-20 urte zituztenean, eta karreraren hasieran zeudenean; beraz, ekoizleak bere botere posizioa erabili zuen aktoreak beldurtu eta isilarazteko. Rose McGowan aktoreak adierazi duenez, bere garaian saiatu zen Weinsteinen aurkarko salaketa jartzen, baina isilarazi egin zuten.

 

 

Weinsteinen kasuak argi utzi du oraindik asko dagoela egiteko, eta sektore boteretsuenetan ere sexu jazarpen ikaragarria ezkutatzen dela. Kasu honetan, egun pisu handiko aktoreak dira salaketa jarri dutenak, nazioartean ezagunak eta ahotsa dutenak; eta hala ere, beren hitza zalantzan jarri dute, hainbatetan, erasotzailea babestuz eta justifikatuz. Oraindik ere, bortxaketaren kultura babesten dute.