Bihartik aurrera ikusgai izango dira "El Heroe"ko irudiak

Bihartik aurrera ikusgai izango dira "El Heroe"ko irudiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihartik-aurrera-ikusgai-izango-dira-el-heroeko-irudiak/@@download/image/20125151683heroia_1.jpg
2012/12/13
berria
David Rubinek liburu bat argitaratu du, superheroiei buruzko komiki bat, hain zuzen. Baina ez da edonolakoa: Heracles pertsonaia mitologikoa harturik, Grezia klasikoko heroien abenturak bildu ditu. Liburuaren sorkuntza prozesua erakusten duten zirriborro eta bestelakoak, gainera, ikusgai jarri ditu Bilboko Fnac-en, eta maiatzaren amaiera bitarte iraungo du erakusketak.


Egileak berak azaldu bezala, komikiak gustuko dituzten irakurleentzako eta adituak diren pertsonentzako lana izan da 'El Heroe'. Ez zuen heroien inguruko beste liburu bat gehiago egin nahi; kutsu pertsonalagoa eman nahi zion, eta horretarako, ikuspegia zabaldu eta generoaren oinarrietara jo zuen. Emaitza, Heraclesi buruzko historioa, hain zuzen, mitologia grekoko pertsonaia eta fikzioko lehen superheroia dena.

Dena den, irudiei gaurkotasuna emateko, Jack Kirby marrazkilariaren ikuspuntua ematen saiatu da Rubin, beti ere, bere izaera mantenduz. Haren komikietako magia hartu du oinarri, Kirbyk marraztutako orrietan islatzen zuen indarra eta haserrea bereganatuz. Hala, Europako komikigintza tradizioa Japoniako manga eta anime kutsuekin, eta Estatu Batuetako komikien ezaugarriekin uztartuz garatu du 'El Heroe'.

Erakusketa bihar zabalduko dute, Bilboko Fnac dendako aretoan, eta maiatzaren 31 bitarte izango da zabalik. Istorioaren lehen zatia da, eta berau ezagutzeko, hori bai, liburua eskuratu beharko duzue, dendan bertan salgai; baina arkatzezko zirriborroak, marrazkiak, koloretako irudiak, eta sorkuntza prozesu osoan erabilitako materialak biltzen ditu erakusketak.


Ordutegia


Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 21:00etara

David Rubin


1977an Ourensen jaio zen istoriogile eta animatzaileak arte grafikoak ikasi zituen, eta hainbat aldizkaritan eta gehigarritan kolaboratu du; hala nola, Golfiño, BD Banda, Barsowia, Tos, Huevo, El fanzine enfermo edota Dos veces breven.
Hainbat liburu kaleratu ditu, eta horietan azkena hau; bigarren alea prestatzen hasi da dagoeneko. Bere lanak ikusgai dira hemen.