Bihar hasiko dira Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak

Berrogeigarren urteurrena beteko dute Euskal Antzerki Topaketek eta egitarau oparoa izango da bihartik hilaren 20ra bitartean. Guztira, hamaika antzezlanez gozatu ahalko dute herritarrek, eta beste zazpi izango dira eskolako ikasleei zuzenduta. "Euskara, herritarren parte-hartzea eta transmisioa" izango dira edizio honen ardatzak.
Herriye antzezlanak emango dio hasiera bihar egitarauari. Berrogeita hamar azpeitiar baino gehiagok parte hartuko dute antzezlan horretan, zuzenean edo zeharka, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren zuzendaritzapean. Egileek aurreratu dutenez, umorea eta komedia izango dira nagusi obran. Bihartik ostiralera bitartean lau emanaldi egingo dituzte, egunean bat, Sanagustin kulturgunean.
Metrokoadrokaren Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan eta Mairuren Intxaurra antzezlanak estreinatuko dituzte. Bestetik, honako obra hauek ere ikusi ahal izango dira, besteak beste: Hika Teatroaren Tarara, Oier Zuñigaren Eresia, eta Atx Teatroaren Balbea.
Herriko gaztetxoen artean antzerkirako zaletasuna sustatze aldera, zazpi emanaldi egingo dituzte azaroaren 14tik 16ra. Azpeitiko eta Errezilgo antzerki eskoletako artistek hartuko dute parte.
Bestalde, beste hainbat ekintza ere izango dira egitarauaren barruan. Corrado Masacciren txotxongilo erakusketa izango da azaroaren 1etik 15era Betharram aretoan, eta Azpeitiko Argazki Elkarteak Topaketetako argazki zaharrekin osatutakoa, berriz, azaroaren 1etik 20ra egongo da irekita, Sanagustin kulturgunean.
Bi horma irudi ere sortuko dira. Bata, Soreasuko tunelean topaketetako edizio guztietako kartelekin osatutakoa, eta, bestea Soreasu auzoan egingo dutena, Topaketen ibilbidearen parte izan direnei keinu eginez. Azken hau azaroaren 12an aurkeztuko dute. Bestetik, Horman Poster kolektiboak, Tripa kolektiboak eta Metrokoadroka taldeak mediazio saioak egingo dituzte gaztetxoekin.
Sareko presentzia nabarmentzea ere izan dute helburu aurtengoan eta, horretarako, webgunea jarri dute abian. Bertan, topaketen inguruko informazioa, egitaraua eta sarrerak erosteko baliabideak jarri dituzte.