Bigarren urtez, abian da Udako Euskarazko Postal Lehiaketa

Bigarren urtez, abian da Udako Euskarazko Postal Lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bigarren-urtez-abian-da-udako-euskarazko-postal-lehiaketa/@@download/image/postal_lehiaket_1371813709.jpg
2013/06/24
berria
Bigarren urtez, abian da Udako Euskarazko Postal Lehiaketa
Bergarako Jardun Euskara Elkarteak udako postalen lehiaketa antolatu zuen iaz lehen aldiz, eta aurten bigarren edizioa aurkeztu dute. Oporrak igarotzen dituzun lekutik postal bat bidali besterik ez duzu egin behar, eta originala eta dibertigarria bada, baliteke tablet bat eskuratzea!


Pertsona orori zabalduriko lehiaketa da honakoa, polita eta erraza. Eta baita interesgarria ere, euskaldunok munduan zehar bidaiatzeko dugun zaletasuna ikusirik, leku ezezagun eta txundigarrien berri izateko balio dezakeelako. Bergarako Jardun Euskara Elkarteak antolatu du, eta noski, euskararen erabilera bultzatzea du helburu.

Parte hartu nahi izanez gero, egin behar duzun lehen gauza oporrak igarotzen dituzun lekuan bertan postal bat erostea da; originala izan behar du, noski, ez du balio faltsua izatea eta tranpa egitea. Erositakoan, idatzi euskarazko mezu polit bat, epaimahaia liluratuta uzteko moduko kontaketa labur bat; gaia erabat librea da. Eta ondoren, dena prest duzunean, jarri zigilua eta bidali ondoko helbidera:

Udako Euskarazko II. Postal Lehiaketa
Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g
20.570 Bergara (Gipuzkoa)


Postalak bidaltzeko epea datorren irailaren 17ra bitarte izango da zabalik, eta ez ahaztu postalean nork bere telefono zenbakia ere jarri beharko duela. Lan guztiak jasotakoan, epaimahaiak berauen edertasuna, originaltasuna, edukia eta idazkera baloratuko ditu, eta irabazleak tablet zoragarri bat eskuratuko du oporretatik bueltan. Hartu parte, ekimen erraz eta gozagarria da!