Bideojokoei buruzko araudia

Bruselatik Europako Batasuneko herrialde guztietan eragina izan dezakeen bideojokoei buruzko albiste bat iritsi zaigu. Izan ere, Europako Batzordeak hemendik bi urtera adingabeentzako bideojoko salmenta Europako Batasuneko estatu guztietan arautzea nahi du. Haurrak eduki arriskutsuak dituzten bideojokoetatik babestu nahi dituztela diote; bereziki, indarkeria handia duten jokoetatik. Batzordeak jakinarazi duenez, gaur egun, Txiprek, Luxenburgok, Esloveniak eta Errumaniak baino ez dute bideojokoei buruzko araudi espezifikorik. Dena dela, Alemanian, Italian, Erresuma Batuan eta Irlandan bideojoko jakin batzuk galarazi dituzte. Bideojoko ekoizleek beste eginkizun eta ardura batzuk bere gain hartzea nahi duela dio batzordeak.