Bideoak (irrati izarra hil eta) zuzendaria sortu zuen

Bideoak (irrati izarra hil eta) zuzendaria sortu zuen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bideoak-irrati-izarra-hil-eta-zuzendaria-sortu-zuen/@@download/image/84p68bekind.jpg
2008/04/04
elkarrizketa
Testua: Gontzal Agote
Izenburua: Be Kind Rewind (2008)
Zuzendaria: Michel Gondry.
Aktoreak: Jack Black, Mos Def, Danny Glover.

Hasieran, musikaria izan zen Michel Gondry. 1963an jaiotako frantziar hau Oui oui taldean aritzen zen bateria jotzen, eta haientzat bideo musikalak egiten hasi zen. Baina nonbait, Björkek bere lanaren berri izan zuen, eta Human behaviour abestiaren bideoa egiteko enkargua eman zion.

Horrela hasi zen Gondryren bigarren jarduera, bideo musikalen zuzendariarena. 1987an, Oui Oui bere taldea izandakoarentzat gisa honetako lehen lana egin zuenetik, hamaika bideoklip zuzendu ditu. Gaur egun, berarekin lan egin duten artisten zerrenda ez da nolanahikoa: Rachid Taha, Lenny Kravitz, Björk, Sinnéad O´Connor, The Black Crowes, Massive Attack, Daft Punk, Beck, The Chemical Brothers, The White Stripes…

The Rolling Stonesi ere saldu zien bere irudimenaren zati bat, 1995an Like a Rolling Stone bideoa egin zien, eta 1998an Gimme Shelter. Lan hau bereziki garrantzitsua da, bertan Gondryk "bala efektua" erabili zuelako lehen aldiz. Ondoren, vodka marka batentzat egindako iragarki batean ere baliatu zuen trikimailu hori. Egia esan, The Matrix pelikulak egin zuen ezagun "bala efektua"; baina, kondairak dioenez, Gondry da efektu ikusgarri horren sortzailea. Musika munduan eta publizitatean egindako lan ikusgarriak Michael Gondry. The work of director dvd-an daude bilduta.

Zinemari gorazarre

Nonbait, formatu laburra txiki gelditu zitzaion zuzendari irudimentsuari, eta 2001ean bere lehen film luzea egin zuen AEBetan, Human Nature, Tim Robbins eta Patricia Arquette aktoreekin. Pelikulak ez zituen oso kritika onak izan, baina zeluloide puska hartan dagoeneko agertzen zen Gondryren estetika berezia. Eta are inportanteagoa dena, lehen aldiz, Charlie Kaufman gidoilariarekin lan egin zuen.

Haien zuzen, bien arteko elkarlan berriaz, mende berriko pelikularik orijinal eta bikainetakoa sortuko zen, Eternal sunshine of the spotless mind. Jim Carrey serio bat protagonista zuela, narrazioaren molde klasikoak apurtu zituzten Gondryk eta Kaufmanek, puzzle berezi eta zirraragarria osatuz. Berehala, kultu pelikula bihurtu zen; hala ere, gidoilariak gidoi onenaren Oscar saria jaso zuen.
2006an, Kaufman gabe, Gondryk erakutsi zuen bere irudimena mugagabea dela. Parisen girotutako The science of sleep filman, Gael Garcia Bernal mundu oniriko eta magiko batean sartu zuen, etengabe ametsa eta errealitatea uztartuz.

Oraingoa, berriz, zinemagintzari maitasun aitormen bitxi batekin datorkigu Michel Gondry, Be Kind Rewind filmarekin, eta horretarako aktore talde deigarria elkartu du: Jack Black, Mos Def, Danny Glover, Mia Farrow eta Sigourney Weaver.
Mikek bideoklub bat du, baina bere lagun Jerryk bertan dauden zinta guztiak ezabatuko dizkio. Negozioa bizirik mantentzeko, pelikula ezagunen remakeak egiten hasiko dira; Ghostbusters, King Kong… Haien harridurarako, ideiak egundoko arrakasta izanen du.