Bidelapurrak: "Baliabide publiko gehiago behar dira kultura guztiontzat eskuragarri egoteko"

Bidelapurrak: "Baliabide publiko gehiago behar dira kultura guztiontzat eskuragarri egoteko" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidelapurrak-baliabide-publiko-gehiago-behar-dira-kultura-guztiontzat-eskuragarri-egoteko/@@download/image/bidelapurrak_1416822984.jpg
2014/11/24
elkarrizketa
Bidelapurrak: "Baliabide publiko gehiago behar dira kultura guztiontzat eskuragarri egoteko"
2013an, Urretxuko jaietan Capsula ikustera joan zirenean landatu omen zuten, Ander Solozabal eta Ekaitz Aranberrik, "proiektu berri baten gose" zirenean, Bidelapurrak taldearen lehen hazia. Urtebete pasa denean, lehen diskoa dute eskuartean, eta kasualitatez, Capsulako bateria, Guantxe, izan da euren teknikaria.


Zergatik Bidelapurrak?

Ander Solozabal: Joakin Iturbe 'Santua' bidelapurraren bizitzari buruzko abesti bat egin genuen, eta konturatu ginen izen polita izan zitekeela gure talderako. Epika gustuko dugunez, goitizen berezia iruditu zitzaigun bizi dugun Euskal Herria islatzeko. Barrualdeko piratak, apatridak...

Orain honetan zaudeten arren, talde desberdinetan arituak zarete biak. 


Ekaitz Aranberri: Ni Doubling Boysen ibili nintzen, punk-oi! jotzen. Talde hori
utzitakoan bakarlari bezala ere jo izan ditut kontzertuak.

A.S.: Ni, aldiz RunbaGerrilla, Opus eta Dei eta BertsoTabern taldeetan jotzen nuen.

Zein errango zenukete direla zuen erreferentziazko taldeak Euskal Herrian?


E.A.: Bidelapurrontzat erreferentziak ote dagoen ez dakigu... Talde asko gustatzen zaizkigu, baten bat aipatzearren, Audience, Petti, Fiachras edo We Are Standard, adibidez.

A.S.: Entzuten dugun guztiak eragiten digu, eta folk, country edo amerikana estiloetatik hurbil gaudela esan genezake. Ekaitzek aipatuez gain, Jonnhy & Joseph, Eskean Kristö, Anari eta M-ak taldeak gustatzen zaizkit. Hitzen sakontasunaren aldekoak gara...

Zerk bereizgarritzen du zuen musika gainontzeko taldeetatik?


E.A.: Ez dut uste ezer berririk asmatu dugunik, baina taldearen formatua bera bada berezia.

Kaleratzear duzue lehendabiziko diskoa, udaberrian grabatu zenuten ezta?

E.A.: Aste Santuan hasi ginen grabatzen, Iñaki Guantxerekin (Inoren Ero Ni, Capsula).

A.S.: Beteak beste, Castle Rock, Rockaren gazteluko Katakunba estudioetan. Izugarria!

Nolakoa izan da berarekin grabatzeko esperientzia?


E.A.: Teknikari bezala aritzeaz gain, perkusioarekin ere lagundu digu. Gainera, estudioetan berriak ginenez, esperientziadun baten aholkuak izatea bikaina izan zen. Giro oso ona izan genuen eta ondo pasa genuen. Berari esker, gainera, lehenago ezagutzen ez genuen Honky Tonky Sanchez artista handiarekin ere izan ginen.

A.S.: Hainbat abentura bizi genituen, lagun dezente pasa ziren handik, eta luzaroan ahaztuko ez dugun esperientzia izan zen zalantzarik gabe. Hemendik, mila esker Guantxe!

Diskoaren aurrerapenik egiten ahal diguzue?


E.A.: Zazpi kanta bildu ditugu, eta euskarri fisikoaz aparte sarearen bitartez ere entzungai dago.

A.S.: Diskoa entzuten duenak, gazte baten ahotsa entzungo du; atzetik lagun banda eder bat duena. Lehenengo pertsona singularren daude idatzita hitz gehienak, eta autofikzioa, satira, barne-ahotsak nagusi dir. Gaiak, azkenik, drogak, artea, gezurrak, sorginak, heroiak eta heriotza dira besteen artean. Sentimenduetan eta bizipenetan oinarritzen gara, eta abestiekiko konexio handia dugula esan genezake.

Izenak non du jatorria?


A.S.: Diskparen izenburua gure amona zenak, Maria Ortueta Irasuegik erabiltzen zuen errefrau bat da. 

Durangoko Azokan jotzeak zenbaterainoko eragina du zuentzat?


E.A.: Aukera izan daiteke normalean gure kontzertu batera etorriko ez den publikoa
edukitzeko. Bestalde, Ahotsenea txalotzeko moduko ekimena da, talde txiki
zein handiei baldintza, eta aukera berekin aurkezteko aukera ematen duen heinean.

Zenbateraino da posible momentu hauetan, krisiak gogor zigortzen duenean, musika talde bat aurrera eramatea?


E.A.: Kontzertuak nahi beste eskaintzen ditugu, ez nuke esango alde horretatik krisiak eraginik duenik.

A.S.: Hala era materialaren eta musika tresnen mantenimendua ez da merkea; eta gure ustez baliabide publiko gehiago behar dira, musika bakarrik ez, kultura orokorrean guztiontzat eskuragarri izateko.

Aurrerantzean, zein da zuen asmoa? Zein dira zuen erronka nagusiak?


E.A.: Kanta berriak sortzen jarraitzea eta Zenbat negar baztarretan diskoa zabaltzea.

A.S.: Gozatzen jarraitzea, funtsean. Etorriko zaizkigun erronkei ahalik eta ondoen aurre egitea espero dugu, eta bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu bidelapurron familia osatzen duten guztiei.

Bart Tour bira:


Azaroak 22: Aramaioko Eki tabernan

Azaroak 27: Gasteizko Hala Bedi tabernan

Azaroak 30: Antiguoko Platero tabernan

Abenduak 8: Ahotsenean

Abenduak 12: Elgetako Espaloia Kafe Antzokian