Bidaiarik handiena, etxean

Bidaiarik handiena, etxean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidaiarik-handiena-etxean/@@download/image/63p28-1.jpg
2006/05/05
erreportajea
Orkatz Goenaga
Bidaiatzeko garaian, Euskal Herritik kanpora joatea ezinbestekoa dela ematen du. Hala ere, gurean ere badugu zer ikusia. Guk zenbait jomuga alternatiboen berri eman nahi dizuegu (eta beste hamaika daude), udan Euskal Herriko txoko eder batzuk bisita ditzazuen.                                        

Euskal herrialde bakoitzeko eremu bat hautatu dugu. Horrela, horietako batera joanez gero,  inguruko paraje eta tokiak zuek aurkituko dituzuelakoan.

Zuberoako pirinioak

Zuberoa hegoaldean daude Pirinioak. Baina, mendiez gain, herriak ezagutzen al ditugu? Biarnorekin eta Nafarroarekin mugan daude Santa Grazi eta Larraine. Laborari herrixkak dira, turistekin ohitutakoak, betidanik ibili izan baita inguru hauetan atzerritik etorritako jendea. Izan ere, garai batean bertatik igarotzen zen Done Jakue bidea. Horren froga dugu Santa Graziko eliza erromanikoa. Done Jakue bideko erromesentzako ospitale modura eraiki zen, Nafarroako Erregearen aginduz.

Horrez gain, Pirinioen iparraldean oraintsu arte gordetako ohituraren erakusgarri dira Santa Grazi eta Larraingo eliza inguruko hilerri bitxiak. Hala ere, Santa Grazin, are bitxiagoa da herriaren nortasuna eta izaera islatzen duen estalperik gabeko trinketa.

Donibane Garazi

Nafarroako erresumako iparraldeko hiriburua da Donibane Garazi. Erdi Aroko kutsu xarmanta mantendu duen arren, turismoaren indarrak dena poxpolindu eta garbitu du, xarma apur bat kenduz. Hala ere, Errobi ibaiak zeharkaturiko bere harresia eta guzti, Euskal Herriko hiribururik politena dela esatea ez litzateke inolako astakeria.

Donibane Garazi zaintzen duen gaztelura igotzen bagara, Pirinioez gain, Irulegiko arnoa egiteko mahastiak ere ikusiko ditugu. Han bertan ohartuko gara, Nafarroako erregeak zergatik izendatu zuen Donibane Garazi iparraldeko hiriburutzat. Joan, eta ikusi zergatik.

Lapurdiko itsasertza

Lapurdiko kostaldean hainbat leku topa ditzakegu. Lapurdiko aberastasunaren erakusgarri ditugu, besteak beste, azken bi mendeetan frantziar aberatsen turismo jomuga izandako Biarritz, eta Donibane Lohizune herri arrantzalea.

Hiriburuan dugu bizitasun handiena; Baiona ttipia da historia aldetik toki aberatsena, eta parranda gune nagusia. Horrez gain, frantziar aberatsek eta boteredunek gure itsasertzera ekarritako hainbat eraikin ikusgarri ditugu Biarritzen; Hôtel du Palais, kasu. Bestalde, Hendaian bisitatzeko modukoak dira Antoine d´Abbadie euskaltzale eta ikertzailearen gaztelua, eta horren inguruko paraje ederrak.

Segura eta Zerain

Gipuzkoako Goierri eskualdean daude bi herri zoragarri hauek. Erdi Aroko etxe eta herrien egitura mantentzen dute, bai Zerainek, baita Segurak ere. Lehena, herri txiki bezain polita dugu. Herriko ostatutik barrena, garai bateko kartzela, eta nekazaritza museoa topatuko duzue. Segura, aldiz, herri handi eta garrantzitsua, eta jauntxoen bizileku izan zen antzina. Duela 750 urte, Alfontso X. Jakitunak herri forua eman zion Segurari. Merkataritza-gudu batean zeuden orduan Nafarroako eta Gaztelako erresumak, eta, Oria bailara bereganatzearekin, gaztelarren esku geratu zen herria. Ondorioz, Segura aberastu eta defendatu egin zen. Muino baten gainean, harresi natural batez babestua dago herria.

Gesaltza Añana

Araba ekialdean dago XXI. mendera iritsi zaigun antzinako giza egiturarik bitxi eta ikusgarriena: Gesaltza-Añanako gatzagak. Historiaurretik ustiatutako gatzagak dira Añanakoak. Duela gutxi berreskuratu dira, utziak zeuden hainbat eta hainbat gatzaga.

Garai batean, Añanako kuadrila guztia Añanako gatzaren eta bainuetxeen inguruan bizi zen, eta hantxe zeuden Arabako eremu aberatsenak. Eremu interesgarri eta paraje paregabeak ikusi ahal izango ditugu Añanako kuadrilako eremuetan, Valderejoko Parke Naturala ere bertan baitago.

Arratia eta indusi bailara

Gorbeiaren mendebaldean, Bizkaian ditugu bi bailara hauek: Indusi eta Arratia. Gorbeiako Parke Naturalaren magaleko eremu zoragarriez gain, bailara hauetan badira beste leku ikusgarri batzuk ere. Indusi bailaran barrena joanez gero, Dima herria daukagu, sakabanaturiko hainbat auzo dituena. Hara gerturatuz gero, aukera ezinhobea dugu Oba, Baltzola nahiz Lamindao auzoez eta bertatik ikusten denaz gozatzeko. Lamindao auzoan barrena, Arratiako bailarara iritsiko gara. Bertan, lehen herria Areatza da, herri txiki eta bildua, baserri dotore eta jauregi ederrez osatua.

Lizarra

Lizarra eta Estellerria Nafarroako ingurune berezienetakoak dira. Ama lurraren berezitasun ugari elkartzen dira han, eta gure historiako hainbat pasartetako protagonista izan dira bertakoak.

Lizarra eta Estella, herri bera hizkuntza bitan; edo hizkuntza bereko bi herri. Lizarra Baskoien herria zen, Erdi Aroan Nafarroako Erregeak Estella herri kristaua itsatsi zion arte. Bi herriak, mende luzez harresi batez banandurik bizi izan ziren. Garai haien aztarna biziak ditugu oraindik Lizarran: harresiak, elizak eta alde zaharra… gure historiaz zer edo zer jakin nahi duen ororentzat, ezagutu beharreko herria da.