Bidaiari txikientzako abentura handiak

Bidaiari txikientzako abentura handiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidaiari-txikientzako-abentura-handiak/@@download/image/2010726004Bidaiari_txikientzako_abentura_handiak.jpg
2010/07/02
erreportajea
Tokitan.tv ekimena abian jarri du Haritz Rodriguez kazetari eta blogariak. Han eta hemen grabatutako bideoak ikusgai ipiniko ditu apurka-apurka.

Zer da Tokitan.tv? Ba, bidaien inguruko web telebista bat. Bertan, Haritz Rodriguez GAZTEZULOko kolaboratzaileak  “denon eskura dauden abenturak” kontatuko ditu: helmuga exotikoetara egindako iraupen luzeko bidaiak eta etxetik gertuagoko txangoak tartekatuko ditu.

Itsaso Joniarreko Greziako uharteetan barrena belaontziz egindako odisea txikia, 3.000 metroko mendiak Piriniotan, urpekaritza Gatako Lurmuturrean, errepide bidezko bidaia Marokon barna, surfa Lapurdin, bizikletaz osatutako ibilbideak… Hori guztia ikusi ahal izango da bideootan. Webgune berria dagoeneko abian da, eta lehenengo kapitulua ikusgai dago: Oreinen ugalketa errituala edo “berrea”, Sorian.

Orotara 32 kapitulu grabatu eta editatu dituzte jada lehenengo denboraldiari begira. Datozen hilabeteotan argitaratuko dira webgunean, astean behin. Bien bitartean, bigarren denboraldiko atalak osatzeko bideo gehiago grabatu eta editatze lanetan ari dira.

Deskribatzen diren tokien inguruko informazio gehigarria ere argitaratuko dute webgunean. Izan ere, bideo guztiek beren mapa izango dute, eta informazio osagarria nahiz argazkiak –gertutasun geografikoaren arabera– bilatzeko aukera eskainiko dute. Erabiltzaileek GPS gailura deskargatu ahal izango dituzte kokapen fitxategiak, eta koordenatuak ere bere sakelako telefonoaren bitartez eskuratu ahal izango dituzte, QR kode erraz baten bitartez.

Webgunea bera ez ezik, bidaia bideoblog berri honek sare sozialak ere erabiltzen ditu, bidaia bitakora gisa funtzionatuko dutenak. Tokitan.tv abentura batean murgilduta dagoen bitartean, Twitterren kontatuko du ikusten duenaren berri, eta Facebook-en zuzenean argitaratuko ditu argazkiak. Tokitan.tv bidaia aldizkari elektroniko gisa uler daiteke, beraz, eta teknologia berriek garrantzi nabarmena dute.

Berezko ekoizpena duten bideoez gain, webtb berri honek erabiltzaileen parte hartzea ere sustatu nahi du, eta horretarako sortu du Zuen bideoak izeneko atala. Bertan jasoko dira erabiltzaileek bidalitako bidaia eta oporren inguruko grabazioak.

Lan guztiak euskaraz aurkezten badira ere, eta bidaien inguruko mikrodokumentalak direla kontutan hartuta, beste hizkuntza batzuek ere tokia badute. Kasu horietan guztietan, jatorrizko bertsioan mantenduko dira, baina bideo guztiak euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz azpititulatuko dira. Webgune osoa ere hiru hizkuntzatan dago.

Rodriguezen arabera, “Tokitan.tv-k ez ditu superheroientzako abenturak proposatzen. Hauek ez dira ezinezkoaren mugan dauden erronkak, egingarriaren mugan dauden bizipenak baizik. Denon eskura dauden proposamenak dira, baina ez dute horregatik zirrara txikiagoa sortzen. Tokitan.tv denok barruan daramagun esploratzaile txiki horren isla da. Izan ere, bidaia txikiek abentura handiak izkutatzen dituzte”.

HARRITU GAITU


Sustatu.com-en argitaratu dute. Automatismoei esker apirilean eta maiatzean grabatutako bideoetan Pirinioetan geratzen diren hartzen irudiak jaso dituzte. Horietako lau Eslovenian jaioak dira, baina Nheu eta Noisette kumeak ere ageri dira, Pirinioetan jaioak biak. http://sustatu.com/1275977387

KATXONDOENA



Joxe Rojas blogariak (Teknopata.net) bideoklip estatubatuarren eta euskal musikaren arteko collage lanak egitea gustuko du. Oraingoan, Behiontze eta Lady Mamaren bideoklipa sareratu du. "Behiontzek aurrera darrai, kritikak kritika, euskal kulturaren aldeko kanpainarekin. Oraingoan Lady Mama Ooresheeari eskatu dio laguntza, San Antonioko erromerien aldarria egiteko". http://euskaltube.com/play.php?vid=6888

INFORMAZIO BILA


Ekainaren 29an greba orokorra deitu zuten zenbait sindikatuk Hego Euskal Herrian eta sarean jarraipen informatibo zabala izan zuen. Greba orokorraren inguruko informazio guztia greba.euskalherrian.info webguneak zentralizatu zuen, eta bertan geratu da metatua edonork eskuratzeko moduan.