Bi Zaldi: "Merezi izan du zuzeneko funts hori diskora ekartzea".

Bi Zaldi: "Merezi izan du zuzeneko funts hori diskora ekartzea". Bi Zaldi hirukotea askori ezaguna izango zaizue abesti ezagunen bertsioak euskaraz birsortzeagatik eta euren zuzenekoetan helarazten duten naturaltasun zintzoagatik. Bada gaur "Lo Zena" deitutako diskoa argitaratu berri dute, bertsioak atzean utzi eta euren abesti propioekin hegan egiteko jarraitzeko gogotsu. Diskoaren nondik norakoez Gartxot Unsain eta Beñat Antxustegirekin mintzatzeko aukera izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bi-zaldi-merezi-izan-du-zuzeneko-funts-hori-diskora-ekartzeak/@@download/image/BI ZALDI HIRUOK 1.jpg
2021/11/11
elkarrizketa

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Argazkiak: Unai Pelayo

Bi Zaldi hirukotea askori ezaguna izango zaizue abesti ezagunen bertsioak euskaraz birsortzeagatik eta euren zuzenekoetan helarazten duten naturaltasun zintzoagatik. Bada gaur "Lo Zena" deitutako diskoa argitaratu berri dute, bertsioak atzean utzi eta euren abesti propioekin hegan egiteko jarraitzeko gogotsu. Diskoaren nondik norakoez Gartxot Unsain eta Beñat Antxustegirekin mintzatzeko aukera izan dugu.
Bi Zaldi: "Merezi izan du zuzeneko funts hori diskora ekartzea".

Pretentsio handirik gabe sortu zen Bi zaldi, bertsioak euskaraz egiteko xedez. Orain zuen abestiekin diskoa osatu duzue, espero al zenuten?
Gartxot Unsain: Bai, garapen naturala izan baita. Bertsio asko egin ostean, duela urte batzuk gure lehen abestiak sortzen hasi ginen. Bertsioetan harmoniekiko zaletasuna eta gitarren protagonismoa lehenetsi ziren. Garai hartako letra sortak izan ziren lehen abesti propio horien abiapuntu eta hortik etorri dira besteak. Diskoko lehen hiru abestiak duela denbora asko entzun izan ahal dira zuzenekoetan, garapen bat ere jasan dute eta diskorako, beste abesti guztiei bezala, planteamendu berri bat eman diegu. Beraz, disko honen jaiotza suertatzea espero genuen, nahiz eta nahi baino gehiago luzatu den, taldearen jarduna patxadatsua delako eta hala behar duelako. 

Beñat Antxustegi: Diskoa amaitzeko ahalegin handia egin behar izan badugu ere, oso eroso landu dugu musika eta sei urte hauetan egindakoa guk nahi izan dugun bezalakoa izan da, sorkuntzari bere denbora emanez, eta horretarako lagunak gonbidatuz, lan hau osatu ahal izateko, presarik gabe. 

Aurretik sortutako abestiak landu dituzue ala egon da espresuki diskorako sortu duzuen kanturik?
G. U. Lan handia aurretik egina zegoen. Abesti zaharragoak dira batzuk, besteak berriagoak, baina guztiak izan ditugu bidelagun urte hauetan. Diskorako aldaera berezia eman zaie, esperimentazio dosi handi bat ere bai. Bildumari forma ematea, akaso, abestiak sortzea baino erronka handiagoa izan da: zer non erabakitzea, abestien tarteko pasarteak sortzea eta obraren osotasun hori lotzea. Intimitatea gure zuzenekoen ardatza izaki, nabari da diskoan eta gure sormenean ere bai. Merezi izan du zuzeneko funts hori diskora ekartzea. 

B. A. Helburua entzuleak, 50 minutu inguruz, hasieratik bukaerara, goza dezakeen bidaia bat sortzea izan da. Alberto Lizarralderen laguntza izan dugu diskoa osatzeko garaian eta debekatu egin zidan abestiak aurretiaz Gartxot eta Enekori erakustea behin erabat bukatuak egon arte. Gero, alfonbra baten gainean etzanarazi zituen eta diskoa entzun, ez erreparatzeko diskoaren detaileei, baizik eta osotasunean helarazten duen horri. 

Nola deskribatuko zenukete diskoa?
G. U. Bilduma ederra da, urteetan ondutako abestiei merezi duten espazioa ematen diona. Bada bertan gizatasunaren eta musikaltasunaren arteko talka handi bat. Guk, akaso, gizatasunetik egiten ditugu gauzak, eta musikaltasuna natural sortzen da. Alberto Lizarralderen gidaritzapean informazio eta sentimendu guzti horien formak beste dimentsio bat hartu dute, musikaren kodera gerturatu gara. Ez genbiltzan urrun, baina Albertok norabide eder bat eman digu. 

Diskoari dagokionez, Hego Amerikan zehar egindako bidaia batean sentitutakoak biltzen ditu diskoak hitzei dagokionez. Beraz, 33 urte inguruko edozeinek senti ditzaken horiek aurkituko ditu bertan entzuleak, beti ere bizitza eramangarriago egiten duen modu poetiko batean aurkeztua.

B. A. Lan handia duen arren naturala den zerbait dirudi, gure eboluzioa, egiteko modua, sortzekoa, jotzekoa, lagunarteko lana... hori dena da niretzat.
 
Nolakoa izan da sortze eta grabazio prozesua?
G. U. Lasaia bezain kaotikoa. Esan bezala, abestien sortze prozesua progresiboa izan da eta ia sei urtez luzatu da, baina ezin esan denbora horretan inor estresatu denik, talde lasaia garelako eta gauzak patxadaz egiteko ohitura dugulako. Bilduma sortzeko erabaki azaleratu zenetik gaurko eguneraino kaotikoagoa izan da agian, materiala bazegoelako, baina azken bultzada behar zelako gauzak egiten hasteko. Hor Beñat eta Alberto izan dira maisu, grabazioan zein grabazio horiekin esperimentatu eta bildumaren paisaia musikala sortzeko. Kolaborazio hori ere mantsoa izan da, biziak eta zirkunstantziek hala eskatuta, baina lortu dugu eta pozik gaude, genuen zera horri forma eman diogulako, eta elkarlanak duen gainbalioarekin gainera. 
 
B. A. Grabaketak fase desberdinak izan ditu. Lehendabizikoa kanten finkatzea izan zen, kantuak grabatuz. Ondoren entzuten zenaren gainean lanean hasi ginen eta, ondoren, berriro jarri ginen "serio" grabatzen. Paraleloan kolaboratzaileei haien zatiak lantzeko eskatu genien. Sorkundek bere pianoak egin zituen, Garazik ere hala jo zuen, Mursegok ere etxean landu zuen eta beste lankide guztiak etxeko estudioan grabatu genituen. Gero aurreko urteko fenomeno birala iritsi zen eta etxean sartuta denbora aprobetxatuko genuela pentsatu arren, ez genuen gauza handirik aurreratu. Lozorro horretatik esnatzean Jon, Joshka, Zerrat, Angel, Ane, Esti, Maddi, Lide, Tristan eta Itzalekin haien zatiak grabatzeko saioak egin genituen. Azken txanpa aurtengo udara hasieran izan zen, Alberto eta biok serio jarri ginenean nahasketak bukatzen. Prozesu guztian Albertoren burutazioek laguntzaile gehiagori deitzeko beharra sortu ziguten eta inoiz bukatuko ez zen lan bat zirudien, baina egindako esfortzuek eta itxarote guztiek merezi izan dutela badakigu.

Esango nuke zuen abestien kasuan musikak bezainbesteko garrantzia dutela hitzek. Horrela al da?
G. U. Nik uste baietz, nik beti defendatuko dut hitzen indarra, hitzen beharra eta mezu edo hausnarketa baten hazia ereiteko saiakera. Kasu honetan, letra sorta honek une berezi bateko hausnarketak azaleratzen ditu, duela sei urtekoak ia, eta gaur egun ere indar berarekin irakurri eta sentitzen ditut nik. Musikaren moduan, hitzek ere eramaten zaituzte nonbaitera, iraganera edota barne txoko berezi batetara, eta nik uste eskutik doazela bai paisaia, bai paisaia horretan esan edo egiten dena.
 
B. A. Eneko eta nik beti diogu ez ditugula letrak entzuten eta musikari erreparatzen diogula bakarrik, baina agerikoa da oso letra indartsuak direla Gartxotenak, eta musika egiterako orduan saiatu gara hauekiko koherentzia bat mantentzen. 
 
Isilune ugari ere topatu ditut diskoan, adibidez "Lo..." abestia amaitu eta hurrena hasi arte segundo batzuetako isilunea dago. Zer dela eta?
G. U. Bildumari forma ematerakoan, Beñat zein Albertok bideratu duten prozesu horretan, informazio musikal eder pila zegoen 10 kantuez gain, eta egokia iruditu zitzaigun abestien arteko pasarte horiek han eta hemen tartekatzea. Isiluneak ere garrantzizkoak dira, esan behar denari osotasun bat eman eta diskoa entzuteko esperientzia horri jarraikortasuna ematen diote. 

B. A. Pasarteak eta neurtutako isilune horiek entzunaldia gozatzeko pentsatuak daude. Kantu bakoitzaren istorioari bere unea emateko, eta guk jotzean, bizitzan bezala, denbora hartzeko gauzak ongi egin ahal izateko.
"Lo zena" deitzen da zuen diskoa. Zein esnatu da? Zerri egiten diozue erreferentzia?
G. U. Kontzientzia. Inguruan duguna ederra bezain gogorra denaren jabetza, honi aurre egiteko gure gaitasunen jabetza. Bizitzari kantatu nahi dion ahots bat esnatu da, mila arrazoirengatik lo zegoen, baina aurkitu du zer eta nola esan, bildu du hori burutzeko kontzientzia eta abiatu da. Dena biltzen duen tristura horren artean argi bat esnatu dela sinesten dut nik, indar horrekin bizi dut egunerokoa eta proiektu honek hori ematen ditModu umoretsuan, horrenbeste urte lo zeramaten gure abestiak ere esnatu direla esan daiteke, baina nahiago dut definizio sakona.

B. A. Nik ez nuke hobeto azalduko.
 
Azaleko irudian dodo bat azaltzen da, desagertutako hegaztia. Hegan egiten ez zuena gainera. Pauso irmoz aurrera egitea hegan egitea baino hobea da?
G. U. Nik uste pauso irmoz egin behar dela hegan, besteen pausoen gainetik gure hegan egiteko nahia eta norabidea lehenetsiz. Aurretik esan bezala, gizatasun, gertutasun eta naturaltasunean oinarritutako talde dinamika batean bizi gara gu, beti hegan, baina ederra izan da hegaldi horri forma ematea, prozesu horretan pauso irmo txikiak ematea eta emaitza iritsi da azkenean.

B. A. Marrazkia gure lagun Eneko Etxebestek egin zuen kasualitatez, baina hainbeste gustatu zitzaigunez diskoaren irudi bihurtu genuen.

Behin diskoa argitaratuta, zein dira zuen helburuak?
G. U. Orain arte bezala, bizitzari utziko diogu bere bidea egiten. Gure erabaki txikiei dagokionez, diskoa aurkeztu, gertukoei gure lana erakutsi eta ahalik eta txoko gehienetan jotzen saiatuko gara, orain arteko inprobisazioa baztertu gabe, orain arte ez bezalako lan sendo bat besapean dugularik. Motibazioa eta gogoa ez zaizkigu falta, beraz, bidean ikusiko gara ziur!

B. A. Ba diskoan parte hartu dutenei bana oparitzea eta jendeari gure lana azkenik erakustea. Eta orain arte bezain zoriontsuak izaten jarraitzea!

Bi Zaldi zuzenean ikusi nahi baduzu, oraingoz, asteburu honetarako bi kontzertu dituzte iragarriak:
Azaroak 13, 21:00etan: Aiaraldea Kooperatiba Elkartean, Laudio (Araba). Kontzertua doan, izena emateko sakatu hemen.
Azaroak 14, 18:00etan: Txantxarreka Gaztetxean, Donostia (Gipuzkoa). 3 euro. Diskoaren aurkezpena egingo du taldeak. 

Baina adi egon, aurrerago kontzertu gehiago iragartzen joango dira eta!

Eta diskoa entzun nahi baduzu sakatu hemen, ez zara damutuko!