Betirako agur, Tuenti

Betirako agur, Tuenti Influencer, Youtuber eta Instagramerren garaia iritsi aurretik, Tuenti zen sare sozial nagusia. Abuztuaren 31n betiko itzali dute, eta bertako argazki guztiak suntsitu. Nolakoak ginen Tuentiren garaian? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/betirako-agur-tuenti/@@download/image/logo_tuenti_nuevo_esquema_inverso.png
2017/09/06
berria
Influencer, Youtuber eta Instagramerren garaia iritsi aurretik, Tuenti zen sare sozial nagusia. Abuztuaren 31n betiko itzali dute, eta bertako argazki guztiak suntsitu. Nolakoak ginen Tuentiren garaian?
Betirako agur, Tuenti

80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotakoek ez dituzte egungo sare sozialak erabat ulertzen. Erabili erabiltzen dituzte, baina harriturik begiratzen dute nerabeen abilezia 100k jarraitzaile eta sekulako feedbacka esfortzurik gabe lortzeko. Zein da ezberdintasuna? Argi dago: Tuenti ezagutu zutenek, beste modu batera erabiltzen dituzte egungo sare sozialak. Eta oso bestelakoak dira.

 

Tuentik ateak itxi ditu abuztuko azken egunean, betirako. Enpresak jarraituko du, baina duela urte batzuk sare sozialen errege izandako plataforma betiko itzali dute, bertan ahaztuta gelditutako milaka argazkiak suntsituz. Tuenti erabiltzen zutenek, uste zuten sare sozialak eguneroko digital bat zirela, eta ez gure irudia saltzeko eskaparate bat. Filtrorik gabeko argazkiak igotzen ziren Tuentira, edozein egoeratan ateratakoak, berdin zuen ondo edo gaizki atera, naturaltasun osoz partekatzen ziren.

 

Oraindik ez zen selfien booma iritsi, eta argazkiak oso klasikoak ziren. Hain zuzen, orduan mugikorrek ez zuten argazki kamerarik aurrean, eta beraz, norbaitek atera behar zituen argazkiak. Tuenti erabiltzen hasi zirenak oraindik ez ziren aztarna digitalaren beldur, eta berdin zitzaien parrandako argazki ikaragarriren bat igotzen bazuten. Are eta okerragoak ziren Fotolog, MSNren txat amaigabeak edota antzeko plataformak. Denek zuten gauza bat komunean: filtrorik gabeko argazkiak partekatzen ziren libreki.

 

Hori zen Tuentiren xarma. Ez zela gezurrik esaten. Lagunek modu naturalean ateratako argazkiak partekatzen zituzten: edaten, erretzen, tabernetan, parrandan, oporretan, lagunartean, ondo pasatzen... Instagramen, erabiltzaileek irudi bat saltzen dute. Tuentin, jendea zen bezalakoa islatzen zen.