Beste Zufiaurre: Gorka

Beste Zufiaurre: Gorka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beste-zufiaurre-gorka/@@download/image/63p16-1.jpg
2006/05/05
erreportajea
Nerea Lizarralde
Gutxitan ikusten ditugu zinema pantailan Gorka Zufiaurre bezalako gazteak; oso gutxitan ikusten ditugu oholtza gainean, dantzatzen, kantatzen, antzezten…  baina aritu, aritzen dira, eta ondo, gainera. Gorkak bere laugarren film laburra egin berri du Jon Andueza zuzendariaren aginduetara: "Bilintx". Bera da filmeko protagonista. 

Gorka Zufiaurrek 27 urte ditu, eta Urretxukoa da. Gaztea izanagatik, eskarmentu handiko aktorea da. "Bilintx" izenekoa bere laugarren film laburra da, eta horrez gain, hamar urte daramatza Karmakros antzerki taldean (Karmakros taldekoek martxoan estreinatu zuten "Historia se escribe con H" izeneko antzezlana). Bestalde, telebistarako ere lan egin du behin baino gehiagotan.

"Bilintx"
izeneko film laburrean, antzoki bateko atezainaren papera egiten du Gorkak. "Bilintx" bertsolari ezaguna (Donostia, 1831-76) Donostiako Antzoki Zaharreko atezaina izan zen; beraz, izenburua hortik datorkio filmari.

Aipatu filman, Gorka ez da nolanahiko atezaina: txarlotez jantzita dabil, eta egunero zaintzen duen eszenatoki horretara igo nahi du, artista izateko. Down sindromea duten pertsonen eguneroko bizitzan bezala, "Bilintx" atezainak ere hainbat eragozpen aurkituko ditu bere ametsak gauzatzeko.

"Bilintx"
film mutua da; beraz, Gorkak aurpegiarekin eta keinuekin adierazi behar du dena, "gorputzarekin adieraztea lortzen ez bada, orduan bihotzarekin", diosku gazte urretxuarrak. Gorka gustura ibili da film honetan, eta ilusioa eta bizipoz handia transmititzen du.

Hamairu urterekin

Gorkari 13 urterekin heldu zitzaion zineman lan egiteko aukera. Aitor Mantxolak "Aquel mundo de Jon" dokumentalean parte hartzea eskaini zionean. Dokumentalak ate ate asko ireki zizkion Gorkari; alde batetik, aktore izateko gai zela erakutsi zuelako, eta bestetik, komunikabidetan oihartzun handia izan zuelako.

Handik hiru urtera, Koldo Losada donostiarrak idatziriko "La caja de los cruassan" filman parte hartu zuen, eta 1998an Jon Andueza zuzendariarekin lan egin zuen lehen aldiz, "Bernar" film laburrean. "Film hura saltoa izan zen Gorkarentzat. Irrati, telebista eta erredakzio guztietatik pasatu gara film hartan lan egin zuenetik", dio Elenak, Gorka Zufiaurreren amak.

Txikitatik, hobetzea izan da beti Gorkaren helburu nagusia. Etxean,  abesten aritzen zen amarekin, antzerkiak prestatzen zituzten, ipuinak irakurri eta kontatzen zituzten… "Merezi du gogor saiatzeak, dio Gorkak. Zinema maite dut, pertsonaia ezberdinak egitea atsegin dut, oso pozik eta harro nago egiten dudanarekin".

Esaterako, film bat egiteko garaian, etxean asko entseatzen dute Gorkak eta bere amak, "gero, grabazioan, arazorik ez izateko; bestela oso zaila izango litzateke", esan digu Elenak. "Down sindromea duten pertsonentzako ez da batere erraza lehen aukera izatea, zoritxarrez, jendeak ez baitie konfiantza ematen. Horregatik eskatzen dio Gorkak hainbeste bere buruari, besteek bezala lan egiteko gai dela erakutsi behar du beti".

Ametsa: zinema

Gorkak badaki zortea izan duela, eta pozik dago: "Saiatuta ere, pertsona askok ez dute lortzen atsegin duten hori egitea; nik bai, eta hori bizitzan ez da batere erraza", dio Gorkak. Gainzuri Ikastetxean ikasketak amaitu ostean, Legazpiko Institutuan jarraitu zuen Gorkak. Ondoren, Lanbide Hezkuntzako bi ikastaro egin zituen.

Goizetan Galdeano patata biltegian lan egiten du. Arratsaldez, igeri egitera joan ohi da Txolarte elkartekoekin batera, eta baita gimnasiora ere. "Puzzleak egin, musika entzun, Play Stationean jolastu… Horiek dira nire zaletasunak", diosku. Kirolaria da, aktorea, oso langilea: "Egia esan, ez naiz aspertzen". Bere ametsa zein den galdetuta, ez du bi aldiz pentsatu: "Zinema munduan jarraitzea gustatuko litzaidake".

“Ez dute ezer ezkutatzen”



Oihana Maritorena aktore eta dantzari donostiarrak "Goenkale" telesailan ezagutu zuen Gorka. Orain, "Bilintx" film laburrean elkartu dira berriro.

Nolakoa da Gorkarekin lan egitea?
Oso erraza da. Pertsonaiaren papera bereganatzen du berehala, eta gogotsu egiten du lan. Interpretazioa maite duela nabaritzen da, lan egiten duenean gozatu egiten duelako.

Zer moduz moldatu zarete "Bilintx"-en filmaketan?
Oso ondo. Jon Andueza zuzendaria bera ere oso pozik dago emaitzarekin. Film mutu batean lan egitea ez da batere erraza. Agian, Gorkak abantaila txiki bat izan du alde horretatik, oso keinu adierazkorrak egiten baititu.

Urte asko daramatzazu Down sindromea duten pertsonekin lanean. Nolako esperientzia izan da zuretzat?
Urte asko daramatzat Verdini dantza taldean, eta bilakaera bat ikusi dut dantzariengan. Oso pertsona goxoak dira: dantzetan, mugimenduetan, sentimenduak adierazteko garaian…. Gardenak dira, ez dute ezer ezkutatzen. Dena ematen dizute, eta oso maitekorrak dira. Gu ordea itxiagoak gara, beti mugak jartzen ditugu.