Bertsolaritza pandemia garaian

Bertsolaritza pandemia garaian 45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak egungo egoerara egokitutako bertso plazak indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsolaritza-pandemia-garaian/@@download/image/DF0N5DV1--575x323.jpg
2020/05/05

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak egungo egoerara egokitutako bertso plazak indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko.
Bertsolaritza pandemia garaian

Bertsozale Elkarteak eskuartean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu behar izan dira. Elkartean ez ezik, bertsolaritza mugimendu osoan eragin nabarmena izan du osasun krisiak.

Ohiko bertso plaza berreskuratzeko denbora beharko dela gogoratu nahi izan du Bertsozale elkarteak, eta horretarako egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko ditu abian. Hori kontuan hartuta bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko 45.000 euro bideratuko ditu. 

Martxotik, 400 saio gutxiago
Bertsolaritza, zaleak aurrez aurre elkartzetik bizi da neurri handi batean; eta osasun krisiak kolpetik eten ditu zuzeneko emanaldiak eta bertso plaza. Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen diren datuen arabera, 2019an 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: horietako 1.215 saiok bertsogintza zuten ardatz, izan jaialdi, lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa; eta gainerakoak, 400 ekitalditik gora, bereziak, esperimentalak, hitzaldiak edo saio didaktikoak izan ziren. Joan-etorri dezenterekin baina, oro har, saio kopurua mantendu egin ohi da.

Aurten, saioen gorakada txiki bat izan da urteko lehen bi hilabeteetan. Urtarrila eta otsaila ez dira hilabete "osoenak" izaten bertsolarien eta bertsozaleen agendetan, eta horregatik da pozgarria goranzko joera. Udaberriko hilabeteak are indartsuagoak izaten dira, udakoen pareko, baina osasun krisiak bete-betean aldatu du panorama: martxoan 195 bat saio aurreikusten ziren eta 53 gauzatu dira. Hortik aurrera, bertan behera gelditu da plaza: iaz 122 saio egin ziren apirilean, 162 maiatzean, 179 ekainean eta 135 inguru udako hiru hilabeteetan. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak.

Bertsoak streaming bidez
Bertso plaza isilarazi du pandemiak, baina Interneten bidez sarea zortziko txikiz eta habaneraz bete da. Wi-Fi seinaleaz harago, ahots hori sendoago entzuteko, Plaza eta Bidaiak ekimenak jarri ditu abian Bertsozale Elkarteak. Bertso saio hauek Bertsoa.eus atarian eskainiko dira. 

Lanku Kultur Zerbitzuen bidez antolatuta zeuden saioei bide emango die Plaza ekimenak. Hitzartuta zeuden saioak online eskaintzeko aukera eman zaie antolatzaileei. Maiatzaren 2an egin zen lehen saioa: Idoia Anzorandiak gaiak jarrita, Jone Uria, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa aritu ziren kantuan.  Hurrengo egunean, Igor Elortza eta Onintza Enbeita aritu ziren bertsotan, Kike Amonarrizek jarritako gaiei erantzuten.

DOKA, Donostiako antzokiak, antolatutako DOKA t’artea ekimenean ere entzun ahal izan dira bertsoak. Hamaika telebistarekin elkarlanean konfinamendu garaiko lehen bertso saioa izan zen pasa den ostegunekoa. Bertan Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluze arituko ziren nor baino nor. Gai jartzailea Unai Elizasu izan zen.