Bertsolaritza eta literaturaren arteko harremanaz arituko dira Onintza Enbeita eta Jon Maia Bilbon

Bidebarrieta Kulturgunearen Eztabaidak literaturarekin zikloaren barruan, Jon Maia eta Onintza Enbeita bertsolarien arteko solasaldia izango da bihar, hilak 5, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian, 19:00etan. ETB1eko Artefaktua saioaren aurkezlea den Yolanda Mendiola ere izango da bertan, moderatzaile lanetan.
Honako gaien inguruan arituko dira bi bertsolariak: bertsolaritzak euskal literaturan duen eragina; literaturak bertsoak sortzeko balio ote duen; eta irakurleek edo entzuleek sormen-lana baldintzatzen duten.
Onintza Enbeitak Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2018an eta Bizkaiko txapela irabazitako lehen emakumea izan zen. Kazetaria da ogibidez, eta telebistan, irratian eta prentsa idatzian lan egin izan du. Duela gutxi Izurritea liburua kaleratu du; izurritearen kudeaketaz eta izurriteez egindako hausnarketak bildu ditu bertan, eta COVID-19arekin bizi izan dugunaren "errepaso emozionala, profesionala eta soziala" egin du.
Jon Maia bertsolariak prentsa idatzian kolaboratu izan du, zenbait liburu idatzi ditu, eta hainbat musika-taldetarako abesti-letrak ere idatzi ditu. Zinemagintzan ere aritua da. Karidadeko Benta taldearen sortzailea eta kantaria izan zen, Hezurbeltzak musika egitasmoa ere jarri zuen martxan, eta egun Kantu bat gara disko-liburuaren emanaldiak egiten ari da.
Sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Aurkezpena streaming bidez ere jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.