Bertsolari Gazteen Xapelgoaren finala jokatuko dute igandean

Bertsolari Gazteen Xapelgoaren finala jokatuko dute igandean Itsasun arituko dira kantuan sei gazteak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsolari-gazteen-xapelgoaren-finala-jokatuko-dute-igandean/@@download/image/348649244_767772778324925_3119203120360136706_n.jpg
2023/05/26
Itsasun arituko dira kantuan sei gazteak.
Bertsolari Gazteen Xapelgoaren finala jokatuko dute igandean

Sei bertsolarik kantatuko dute igandean, maiatzaren 28an, Bertsulari Gazteen Xapelgoa: Oihan Perez Harispe, Haize Lekuona Blanco, Unax Aizpurua Ibargarai, Aiantze Lannes Butron, Ibai Lekuona Arceles eta Haira Aizpurua Ibargarai. Gai-jartzen, berriz, Xalbat Alzugaray arituko da. Saioa Itsasuko Sanoki gelan izango da, 11:00etatik aurrera.

Saio horretan erabakiko da nor igaroko den ekainaren 3an Iurretan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalera. Lehen bi postuetan geratzen direnek lortuko dute txartela. Zazpi herrialdeetako bina bertsularik parte har dezakete berez finalean, baina ez da izango Nafarroa Beherea eta Zuberoarko ordezkaririk. Bertsularien Lagunak elkarteak Iurretara joateko autobusa antolatuko duela jakinarazi du.

Azken urteetan bertsolari lapurtarrak nagusitu dira Euskal Herriko Eskolartekoan. Iaz Irantzu Idoate Funosas hazpandarrak jantzi zuen txapela eta 2021ean, berriz, Haira Aizpurua Ibargarai saratarra izan zen garaile.