Bertsolari Gazteen BBK Sariketa gaurtik aurrera

Bertsolari Gazteen BBK Sariketa gaurtik aurrera Taldeka arituko dira kantuan, adinaren araberako bi multzotan banatuta. 55 bertsolarik hartuko dute parte eta azaroaren 29an jokatuko da finala Bilbon. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsolari-gazteen-bbk-sariketa-gaurtik-aurrera/@@download/image/376912.jpg
2021/10/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Taldeka arituko dira kantuan, adinaren araberako bi multzotan banatuta. 55 bertsolarik hartuko dute parte eta azaroaren 29an jokatuko da finala Bilbon.
Bertsolari Gazteen BBK Sariketa gaurtik aurrera

Gaur hasi da Leioan Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketa eta azaroaren 29an egingo dute finala Bilboko BBK aretoan. Taldekako txapelketa izango da eta bakoitzean gutxienez sei kide arituko dira bi multzotan banatuta: A mailan 18 urte artekoak eta B mailan 19tik 26ra bitartekoak. 

Aurtengoan zortzi talde arituko dira kantuan, guztira 55 bertsolari inguru. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du eta honako hauek izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.

Taldekideen lana talde moduan baloratzen dute eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera. Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera.

Saioak eskola garaian
BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du: lau kanporaketa jokatuko dira, bi finalaurreko, eta azkenik, finala. Gaur Leioan arituko dira, urriaren 20an Mungian, urriaren 25ean Gueñesen, urriaren 27an Bilbon, azaroaren 15ean Abadiñon, azaroaren 17an Gernika-Lumon, eta azaroaren 29an Bilbon.

Saio guztiak eskola-ordutegian egiten dira, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Hala ere, saio irekiak dira eta edonor bertaratu daiteke. Finalera joateko gonbita luzatu dute antolatzaileek; azaroaren 29an izango da Bilboko BBK aretoan, 18:00etan. 

Denentzako saria
Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako -bertsolari, gai-jartzaile eta epaile- egun osoko plana izango da, "talde izaera eta elkarren arteko harremanak indartzeko". Horrez gain, finalaren egunean, bakoitzarentzako oparitxo bana izango da. Aurten, gainera, iazko moduan, kantakera onenaren saria ere emango dute.