'Bertso saio frikiak' antolatu ditu Lokatz Loreak sormen taldeak

'Bertso saio frikiak' antolatu ditu Lokatz Loreak sormen taldeak Bihar Zornotzan egingo duten lehen saioa Harry Potterren ingurukoa izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertso-saio-frikiak-antolatu-ditu-lokatz-loreak-sormen-taldeak/@@download/image/friki saioak.png
2022/08/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bihar Zornotzan egingo duten lehen saioa Harry Potterren ingurukoa izango da.
'Bertso saio frikiak' antolatu ditu Lokatz Loreak sormen taldeak

Lokatz Loreak sormen taldeak bertso saio bereziak prestatu ditu abuztu eta irailerako Bizkaian. Bertso saio frikiak izenez izendatu dute ekimena taldeko kide diren Izaro Bilbao, Janire Arrizabala eta Araitz Katarain bertsolari gazteek. Plazetan ezohikoak diren gaiak jorratuko dituzte antolatutako bost saioetan, hala nola Harry Potter eta horoskopoak. Saio girotuak izango direla aurreratu dute, hainbat elementuz jantziak. 

Lehen hitzordua bihar izango da, Zornotzan, eta Harry Poterren mundua izango da ardatz. Jone Larrinaga, Maddi Agirre, Nerea Ibarzabal eta Leire Vargas arituko dira bertsotan. 

Hurrengo saioa abuztuaren 27an egingo dute, Bilboko Deustuko gaztetxean, 'Bertso Fashion Week' izenez. Enare Muniategi, Ibai Lekuona, Aitor Etxebarriazarraga, eta Josune Aramendi izango dira bertsolariak. 

Gainerako saioak irailerako lotu dituzte. Irailaren 3an, Portugaleteko Sastraka gaztetxean, 'Meme saioa'  izango da, Ixone Asategi,  Koldo Gezuraga, Haizea Arana, Asier Alcedo eta Miren Amuriza bertsolariekin. Irailaren 10ean, 'Denbora Makina Bertsoz' saioa egingo dute Lekeitioko gaztetxean, eta Iruri Altzerrekak, Joanes Ilarregik, Joar Garatek eta Xabat Gallatebeitiak parte hartuko dute. Azkenik, irailaren 17an, Onintza Enbeita, Irune Basagoiti, Nagore Beitia eta Aner Euzkitze arituko dira Gernikako Astran, 'Bertsos-Kopoa' saioan.

Saio guztiak iluntzeko zazpietan hasiko dira eta Katarain, Arrizabalaga, eta Bilbao taldekideak izango dira gai-jartzaile. Sarrerak hemen eskura daitezke, eta baita egunean bertan ere, geratzen badira.

Bertso saioetarako konpainia
Sare sozialetan zabaldu dutenez, Bertso(zale)kidea ekimena ere jarri dute martxan, bertso saioetara joateko bakarrik dagoenari laguntze aldera, eta, hori dela eta, joan gabe gera ez dadin. "Oholtzatik haratago ere kideak beharrezkoak direlako", egoera horri konponbidea ematen saiatuko dira: joatekoen zerrendan lagunen bat dagoen begiratu, gai-jartzaileren bat oholtzatik jaitsi... Horretarako, sare sozialen bidez edo beste moduren batera eurekin harremanetan jartzeko deia egin dute, eta "lotsarik gabe behar dena eskatzeko".

Proiektua laguntzeko poltsak salgai
Bestalde, ekimena finantzatzeko poltsak atera dituzte, eurek egindako diseinuarekin. Zortzi eurotan daude salgai, eta sare sozialen bidez mezua bidalita, e-mailez edota formularioa betez egin daite eskaria.