Bertso-eskola feministetan izena emateko aukera

Bertso-eskola feministetan izena emateko aukera Urrian hasiko dituzte saioak eta izen-ematea irailaren 26ra arte egongo da zabalik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertso-eskola-feministetan-izena-emateko-aukera/@@download/image/6d428834-739c-47d6-aa02-472582c00ffb.jpeg
2021/09/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Urrian hasiko dituzte saioak eta izen-ematea irailaren 26ra arte egongo da zabalik.
Bertso-eskola feministetan izena emateko aukera

Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren zazpigarren edizioa eta Gizonentzako Bertso Eskola Feministaren hirugarrena izango da ikasturte honetan martxan jarriko dutena. Biek dute lanketa feminista helburu; lehenak, plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi ditu emakume bertsolariak eta bigarrenak, berriz, gizonezko izanik generoaren gaiak duen eraginaz eta norbere kokapenaz hausnartzea du jomuga. 

Teoria, praktika eta talde dinamika uztartzen dira bertso-eskola hauetan. Antolatzaileek adierazi dutenez, "ikasturte osoan zehar saioetan parte hartzeko konpromisoa, esperimentazioa eta aniztasuna eta errespetua ditu oinarri". Hilean behin, larunbatez, izaten dira saioak Amasa-Villabonako Subijana etxean, 10:00etatik 14:00etara. Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren kasuan, izen-ematea tarteko bi talde osatzeko aukera egongo balitz, talde bat Durangon elkartzea aztertuko dute.

Emakume bertsolariei zuzendutakoa izango da Ahalduntze Bertso Eskola Feminista; aldiz, gizonezko bertsolarientzat ez ezik, gai-jartzaileentzat ere eskainiko da Gizonentzako Bertso Eskola Feminista. Bertsolariez eta gai-jartzaileez gain, bertso munduan dabilen eta gaian interesa duen edonor Gizonentzako Bertso Eskola Feministara ongietorria izango dela jakinarazi dute.

Lehen saioak urrian
Urriaren 9an hasiko da Gizonentzako Bertso Eskola Feminista eta urriaren 16an Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Izen-ematea irailaren 26ra arte, igandea, egongo da zabalik eta 150 euroko kostua izango du. Irailaren 30ean emango da taldearen osaketaren berri, eta onartutakoan bideratuko da ordainketa.