Bertako produktuak erosi eta trukean furgonetarekin gaua igaro

Bertako produktuak erosi eta trukean furgonetarekin gaua igaro Aurtengo uda bestela bidaiatzeko probestu dute askok, eta esperientzia ederrak izan dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertako-produktuak-erosi-eta-trukean-furgonetarekin-gaua-igaro/@@download/image/117391173_3040334892960564_2090665154228048572_o.jpg
2020/08/17
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Aurtengo uda bestela bidaiatzeko probestu dute askok, eta esperientzia ederrak izan dituzte.
Bertako produktuak erosi eta trukean furgonetarekin gaua igaro

Ezohiko uda izaten ari dela badakigu, baina horrek ez du zertan oporraldia zapuztu beharrik. Askok erabaki dute furgoneta, karabana ala kanpin denda hartu eta etxetik gertu ditugun ahaztutako bazter miresgarriak bisitatzea; noski, furgoneta eta karabanekin bidaiatzearena ez da berria, eta oporraldia modu honetan igarotzen dutenek ondo dakite gertutasunaren xarmak zinez merezi duela.

EH Furgo bloga eramaten duen bikoteak urteak daramatza inguruko txokoak bisitatzen eta gomendioak sareetan elkarbanatzen; gauzak horrela, gomendio bitxi bezain interesgarria partekatu dute duela sei egun. Bertan azaltzen dutenez, Ipar Euskal Herrian badira hainbat etxalde edota baserri furgoneta edota karabana gaua igarotzeko aparkatzeko beren lursaila eskaintzen dutenak, eta trukean, bertako produkturen bat erosteko eskatzen dute. EH Frugo blogeko arduradunek Alduden (Behe Nafarroa) kokatutako Auzkia etxaldean probatu zuten elkartrukea. Horrekin batera, baserrietan kokatutako kanpinak ere gomendatu dituzte blogariek, Urdiñarbeko (Zuberoa) La Ferme landran kanpina kasu; bertan ere, baserriko produktuak erosteko aukera eskaintzen dute. 

Eta nola topatu aukera hau eskaintzen duten baserri eta landetxeak? Blogeko arduradunek LURGIDA.EUS aplikazio bitartez aurkitu dituzte. Ezagutzen ez duzuenontzat, Udalbiltzak (Euskal Herriko udalen elkarteak) sortutako aplikazioa da, eta Euskal Herrian turismo jasangarria, gertukoa eta baserri zein landetxeak babestearen aldekoa sustatzeko balio du.