Berritu armairua

Berritu armairua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berritu-armairua/@@download/image/39p25-1.jpg
2004/03/05
erreportajea
Udaberria ate joka dugu. Beraz, arropa berritzeko garaia heldu da. Udaberritik udara arte, koloreak hartuko du ostatu gure armairuan.

Aurtengo udaberri-udako moda koloretsu datorkigu: horia, gorria, laranja, berdea, arrosa eta morearen arteko koloreak, urdin turkesa, eta fosforeszenteak! Bai, ondo irakurri duzu.

"Koloreen arteko nahasketak eramango dira. Kontrasteen denboraldia da: marroia gorriarekin, berdea horiarekin… Kontua alai eta koloretsu joatea da", esan digu Ana Palacios Donostiako Roxi dendako kideak.

Estanpatuetan bi joera nagusi dira, adituen arabera: 60ko hamarkadako irudi geometrikoak eta loreak, eta graffitiak oinarri hartzen dituzten serigrafiak. 
Azken urteetako 'kanpantzar' prakak, bestalde, atzera egiten ari dira pixkanaka. Oro har, praka estutu egingo dira beheko aldean. Hala ere, goiko aldetik zabalak izango dira, erosoak. Horixe eskatu ohi baitzaio egungo arropari: erosoa eta praktikoa izatea, polita izateari utzi gabe, jakina. "Horrexegatik, aurtengo modak kirol arropen kutsua du, baina hiritartuta", esan digu Pukas Donostiako dendako Laura Azpirozek.

Minigonak eta piratak neskentzat
Neskei dagokienez, soinekoak, mini-minigonak (estuak zein zabalagoak) eta pirata galtzak izango dira jaun eta jabe. Azken horietan, patrikadunak gailenduko dira dendetan. Eta soinekoari eta gonari laguntzeko? "Kolorezko galtzerdiekin ezin hobe ibiliko dira neska gazteak", esan digu Laura Azpirozek. 

Kamisetei dagokienez, ez dira jada estu-estuak eramaten, zabalagoak baizik, eta bata bestearen gainean. "Hori bai, tirantedun kamisetak sofistikatu egingo dira, tiranteak zabaldu egingo dira, eta bularreko irekierek hainbat forma hartuko dituzte", dio Azpirozek. 

Ez ahaztu, gainera, estanpadun alkandora bat zure armairuan sartzea. Esandakoa: irudi geometrikoak eta loreak erabiliz gero, moda-modan ibiliko zara. 

Eta zapatak? Dantzarien tankerako zapatak eta kirol zapatilak erabiliko dira, kolore guztietakoak. 

Baina jo dezagun udan ezinbestekoa den jantzira: bainujantzia ala bikinia. Bietako zein izango da aurten gure hondartzetan erregina? Bikinia, adituen arabera. "Estua eta oso behean jantzitakoa eramango da", gaineratu digu Palacios-ek.

Etxetik hondartzara joateko, bestalde, short-ak eta garai bateko txankletak erabiliko dituzte askok.

Bermudak eta koloretako jertseak
Mutilen kasuan, betiko kamisetak bueltan dira, arruntak, mahuka erdikoak, baina marrazkien bidez alaitutakoak.

Kamiseten gainean jertseak nagusituko dira. "Koloreetako jertseak aukeran izango dituzte klasikoenek. Baita kirol tankerakoak ere. Bestetik, txanodun jertseak ere modan izango dira. Txikiak eta higatuak, erabiliak diruditen horietakoak, baina berriak, jakina", azpimarratu digu Laura Azpirozek. 

Eta neska eta mutilentzat? Modaz pasatzen ez diren "bakeroekin" joanez gero, asmatu egingo dute mutilek. Bakeroez gain, bestelako galtzak ere topatuko dituzte dendetan, zabalak beti. "Gezurra dirudien arren, batzuek prakak inoiz baino beherago jantziko dituzte! Bartzelonan izan naiz duela gutxi, eta hori da joera", aurreratu digu Azpirozek.

Uda partean, mutilen bermudetara joango dira askoren begiradak.  Gainera, hondartzan, serigrafia lanak dituzten bainujantziak ikusiko dira, ausartenen artean, noski. 

Badakizu, modak bide bat ezartzen du, baina bakoitzaren esku dago bide hori aukeratu edo beste batetik joatea. Zuk zeuk aukeratu zein den zurea, eta gustura ibili, modu batera ala bestera jantzita.