Berrikuntzak egin dituzte automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko 'Aditu' plataforman

Berrikuntzak egin dituzte automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko 'Aditu' plataforman Euskarazko eta gaztelaniazko audioak eta bideoak transkribatzeaz eta azpititulatzeaz gain, elebidunak ere ulertzen ditu orain. Horretaz gain, Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratu dute testuak itzuli ahal izateko eta webgunean bertan edita daitezke azpititulu nahiz itzulpenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berrikuntzak-egin-dituzte-automatikoki-transkribatzeko-eta-azpititulatzeko-aditu-plataforman/@@download/image/bideo telebista.png
2021/06/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskarazko eta gaztelaniazko audioak eta bideoak transkribatzeaz eta azpititulatzeaz gain, elebidunak ere ulertzen ditu orain. Horretaz gain, Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratu dute testuak itzuli ahal izateko eta webgunean bertan edita daitezke azpititulu nahiz itzulpenak.
Berrikuntzak egin dituzte automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko 'Aditu' plataforman

Aditu Elhuyarren hizketa-ezagutzaileak urtebete bete du eta beste zenbait baliabidez hornitu dute zerbitzua. Audioak eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko plataformak aurrerapauso bat eman du zenbait berrikuntza gehituta eta "euskararentzat giltzarri diren" garapen teknologikoak sendotuz.

Adituk aurrez grabatutako audio eta bideo fitxategiekin nahiz zuzenekoekin funtzionatzen du. Orain arte euskarazko eta gaztelaniazko hizketa ezagutzen zuen, hau da, hizkuntza horietako batean zegoen fitxategiekin egiten zuen lan; baina egun hizketa elebiduna transkribatzeko eta azpititulatzeko ere erabil daiteke, euskara eta gaztelania nahasian dituzten fitxategiak ere prozesatzen baititu. Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratua duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak. Horrez gain, automatikoki sortzen duen emaitza webgunean bertan editatu dezake erabiltzaileak, eta ondoren behin betiko fitxategiak deskargatu.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia du eta eremu askotan aplika daiteke: ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean -dokumental eta saioen azpitituluak, elkarrizketen grabazioen transkripzioak…-,  zuzeneko emisioetan, administrazio publikoan batzarren edo bileren aktak jasotzeko, pertsonen eta makinen arteko elkarrekintzan...

Audio-fitxategiak, bideo-fitxategiak nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak prozesatu ditzake. Horrez gain, aldibereko transkripzioak ere egiten ditu; hala, mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du. Transkripzioen testuaz gain, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu, VTT zein SRT formatuan. Transkripzioa hitz bakoitzaren denbora-markekin ere eska diezaiokegu, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez. 

Zerbitzuaren tarifa
Erregistratutakoan bost minutuko proba egin daiteke doan baina, hortik aurrera, transkribatu edo itzultzeko 0,25 euro kobratzen dute minutua, BEZa kontuan hartu gabe. 50 kreditu-ordu arte erosteko aukera dago. Transkripzio-bolumen handiagoak erosi edo aldizkako zerbitzu bat kontratatu nahi izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko eskatzen dute.