Berri Txarrak taldearen eta zaleen inguruko 'Dardara' dokumentala emango dute gaur gauean ETB1en
'Ikusi arte' izeneko azken biran grabatutako irudiak, munduko hainbat lekutatik jasotako istorioak, eta Gorka Urbizuren hausnarketak jaso ditu Marina Lameiro zinemagileak filmean.
Marina Lameiro zinemagilearen Dardara dokumentala eskainiko dute gaur gauean ETB1ek eta eitb.eus-ek. Berri Txarrak taldearen azken birako irudiak biltzen dituen ikus-entzunezko lana 22:30etik aurrera izango da ikusgai.
25 urtez agertokietan aritu eta hainbat disko kaleratu ondoren, Berri Txarrak taldeak geldialdi mugagabea egingo zuela jakinarazi zuen, ordura arteko ibilbide oparoari etena jarrita. Geratu aurretik, ordea, azken bira egingo zutela iragarri zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko.
Marina Lameiroren kamera izan zuten bidelagun Ikusi arte izeneko biran, zuzeneko berezi haiek zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak etxetik hasi eta hainbat herrialdetako -Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak, etab.- zaleen bizitzen zatiak tartekatu ditu. Denek ere pasio bera partekatzen dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.