Berri Txarrak taldeak eurekin Kobetamendin arituko diren artistak ezagutarazi ditu

Gorka Urbizu atzo Radio 3-eko “Carne Cruda” saioan egon zen, eta bertan Kobetamendin eurekin batera arituko diren beste hiru izen ezagutzera eman zituen. Gaur berriz, euren sare sozialetan 16 artisten zerrenda argitaratu dute.

Urbizuk aukeratutako abestiak gida moduan harturik Berri Txarrak-en ibilbidearen errepasoa egin zuen. Bertan talde nafarraren abesti entzutetsuenetako batzuk entzun ahal izan ziren (Ikusi Arte, Oreka, Zuri, Katedral Bat...) eta baita Urbizurentzat erreferente edota gustukoak diren artisten kantuak ere. Hain zuzen, horietako bat izan zen Anariren Epilogo kantua eta orduantxe esan zuen azkoitiarra ere Kobetamendin izango dela, abestian kolaboratzen duen Karlos Osinaga “Txap”-ekin batera. Horrez gain, Mucho taldeko Martí Perarnau abeslaria ere uztailaren 14an eurekin izango zela baieztatu zuen.

Horrela, beste hiru izen gehitu zitzaizkion atzo jada ezagutzen genituenei, eta gaur falta ziren besteak ezagutarazi dituzte. Honako hauek dira Berri Txarrak taldearekin batera taularatuko diren aurpegi ezagunak: Anari, Iñaki Altolagirre “Matxet” (Jousilouli, Anai-arrebak, Naizroxa, Sega Sound Killers), Broken Brothers Brass Band, Facu Díaz, Jurgi Ekiza (Willis Drummond, Ekiza, Era Batera), Ricky Falkner (Egon Soda, Love of Lesbian, Standstill), Aitor Gorosabel (Su ta Gar), Leire Iseo (Iseo & Dodosound), Toní Mejías (Los Chikos del Maíz, Riot Propaganda), Aritz Mendieta (Deabruak Teilatuetan), Karlos Osinaga "Txap" (Lisabö), Martí Perarnau (Mucho), Aiora Renteria (Zea Mays), David Ruiz (La M.O.D.A), Nerea Urbizu (Katamalo, Ene Kantak) eta Enrique Villarearl "El drogas".

Horrez gain, aste honetan jakin dugunez, ez ohiko kontzertu horren aurretik AHOTSENEAk antolatutako gunean 8 euskal talde arituko dira bi oholtza ezberdinetan 16:30etatik 20:30ak arte; 21:00 hasiko baita Berri Txarrak-en kontzertua. Festa bermatuta dago.

Saioa osorik entzuteko klikatu hemen.