Berri txarrak: “Libreak gara, baina mugak ditugu"

Berri txarrak: “Libreak gara, baina mugak ditugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-libreak-gara-baina-mugak-dituguquot/@@download/image/36p24-1_1368646824.jpg
2003/12/05
elkarrizketa
Asier Mendizabal
Berri txarrak: “Libreak gara, baina mugak ditugu"
Kalean dugu Berri Txarrak Lekunberriko taldearen laugarren lana: "Libre©". Gogor aritu dira lanean diskoa ateratzeko. Gorka Urbizu taldeko abeslari eta gitarra jotzailearekin aritu gara hartaz eta hontaz.

Bi urtetik behin kaleratu izan dituzue orain arte diskoak. Kasualitatea al da?
Egia esan, sortze lanak behar bezala egiteko ongi datorkigu bi urteko epea. Biran eta kontzertuak eskaintzen, urte eta erdi pasatzen dugu normalean. Ondoren, sei hilabete ematen ditugu abesti berriak sortzen eta grabatzen. Tarte horretan Euskal Herrian jotzeari utzi ohi diogu eta atzerrian besterik ez gara aritzen, soilik kontzertu oso bereziak eskainiz.

Non grabatu duzue diskoa?
Andoainen egin dugu grabaketa, Garate estudioetan, aurreko diskoan bezala. Kaki Arkarazo aritu da teknikari lanetan. Diskoa aurrekoak baino hobeto gelditu da, denboraren poderioz hobeto jotzen dugulako, eta grabaketetan ere eskarmentu handiagoa dugulako. Hiru aste eman ditugu grabaketan, baino lokaletik nahiko landuak eraman ditugu kantuak. Bestalde, Kakik, estudioan, guk nahi genuen soinua lortu du. Agian berarekin bigarren aldiz aritu garelako izan da.

Hamaika kantu. Zertaz ari zarete kantuotan?
Gure taldea ez da fikzioaz ari, ez dugu ezer asmatzen. Gure inguruan ikusten dugunari buruz mintzo gara. Kasu honetan, ez nuke esango kantuak tristeak direnik, baina nahiko ukitu iluna dute. Ezintasun ukitu bat dute. Alde batetik, barrura begirako gaiak jorratu ditugu: maitasuna, maitasun eza, bakardadea eta abar. Bestalde beti izan dugu aldarrikapen kutsua ere; gure ustez bidezkoak ez diren gauzak kritikatzen ditugu.

Zuk egiten al dituzu hitzak?
Lauron artean egin ohi ditugu, baina nik eramaten ditut ideiak eta oinarriak, bai hitzetan eta baita melodietan ere. Gero guztion artean moldatzen ditugu.

Laguntza berezia izan duzue: Rise Against-eko Tim McLarath-ena. Nola lortu duzue zuekin aritzea?
"Denak ez du balio" izeneko kantuan sartu ditu ahotsak Chicagoko hardcore talde horretako kantariak. Guk asko atsegin dugu taldea, bereziki abeslaria. Gurekin arituko ote zuen galdetu genion Tim-i, eta hasieran ez zigun erantzunik eman. Hala ere, Iruñean eskaini zuten kontzertu batean elkarrekin egon ginenean, ideia ona iruditu zitzaion. Gure musika atsegin zuenez, baietza eman zigun. Chicago-ko estudio batean grabatu zuen dagokion zatia, eta e-postaz bidali zigun. Zati hori gehitu diogu gure grabazioari. Tim-ek euskaraz abesten du.

Web orri bat duzue: berritxarrak.net. Zein helbururekin sortu zenuten?
Web orria oso tresna garrantzitsua da guretzat, Euskal Herritik kanpora jotzen hasi garelako. Atzerrian gure taldearen informazioa lor dezakete orriaren bidez. Bertan, argazkiak, hitzen itzulpenak, kontzertuen datak eta abar aurki daitezke. Bestalde, garrantzi gehiago eman nahi izan diogu gaurkotasunari diseinuari baino. Taldearen inguruan berriren bat plazaratu nahi dugunean, orrian sartzen dugu. Orri nahiko dinamikoa da.

Diskoaren izenburua "Libre©" da. Zer esan nahi duzue © horrekin?
Libre hitza zabala eta unibertsala da, baina copyright hori gehitu diogu. Izan ere, libreak garela, baino muga batzuk ditugula adierazi nahi dugu. Askatasuna mugatuta dago, eta mugetatik ateraz gero, ondorioak larriak izan daitezke. Gaur egungo askatasunaren inguruko diskurtsoa zalantzan jartzen dugu.

Ia hamar urte daramazue elkarrekin. Zer eman dizue hamarkada horrek?

2004ko udan hamar urte beteko ditugu elkarrekin, Aitor, Mikel, beste Aitor eta laurok. Horrek egonkortasuna ematen dio taldeari. Aurrean garai oparoa dugula uste dut. Beti diskoetxe berarekin lan egin dugu, lokal berean… Horrek guztiak asko lagundu digu.