Berri Txarrak berria

Berri Txarrak berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-berria/@@download/image/20098317398berri_txarrak_zuzenean.jpg
2009/07/03
erreportajea
Berri Txarrak berria
Hilaren 14an kalean izango da Payola, Berri Txarraken seigarren lana. Aurkezpen kontzertua, baina, irailaren 19an izango da Eskoriatzan. Bien bitartean, nafarrek dakiten horretan dihardute, zuzenekotan alegia. Herrialde Katalanetan aritu dira azken asteotan, abesti zaharrei zukua ateratzen eta berrietako batzuk ezagutarazten; bidea urratzen. Momentu onenak iruditan jaso eta gurekin partekatu dituzte. 

Lau urte igaro dira Jaio.Musika.Hil kaleratu zutenetik eta zaletuenak dagoeneko irrikaz dira Berri Txarraken berriena entzuteko. Bada, talde nafarraren seigarren diskoa irailaren 14an izango da salgai: Payola. Steve Albinik ekoitzia da Roadrunner Records zigiluaren eskutik eta Txikagoko Electrical Audio estudioetan grabatu dute Rise Against talde estatubatuarreko Tim McIllrath-en kolaborazioarekin. Itxura bikaina du, ala?

2005eko Jaio.Musika.Hil bosgarren albuma doinu melodikoagoetaranzko saltoa izan zen, nahiz eta bandak ez duen sekula hardcorearen amorrua eta metalaren nahiz punk rockaren indarra galdu. Seigarren lanak ere ildo beretik jarraituko duela aurreikus dezakegu, mutilok ezustekotan eta eraberritzetan maisu direla ongi aski dakigun arren. Mezua zainduko dutela segurua da; inkonformista eta kritikoa baita Gorka Urbizuren ahotsa, beti ere poetikoa. Bestalde, David Gonzalez baxujole berriarekin grabaturiko lehenengo diskoa da seigarren hau, Mikel Lopez Rubiok 2008ko maiatzean iragarri baitzuen Zertarako amestu Tour 2008 bira amaitutakoan utziko zuela taldea.

Asteotan Herrialde Katalanetan dabiltza nafarrak, jo eta jo, eta, azken aldian egin bezalaxe, Payolako hainbat kantu tartekatu dituzte kontzertuetan. GAZTEZULOri igorri dizkiote azken saio horietako momentu onenak jasotzen dituzten hainbat argazki, datorrena pittin bat dastatzeko. Hala ere, gogoratu album berria aurkezteko lehenengo kontzertua Eskoriatzan emango dutela irailaren 19an.

Gutxi falta da!