Berri Txarrak: berri onak

Berri Txarrak: berri onak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-berri-onak/@@download/image/12p10-1.jpg
2001/10/05
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Berri Txarrak: berri onak
Berri Txarrak taldeak azken diskoa kaleratu zuenetik bi urte igaro ondoren, nafarrak "Eskuak/ukabilak" izeneko disko berriaz datozkigu. Lan berria Andoaingo Garate estudioan grabatu dute. Gu Gorkarekin aritu gara solasean.

"Eskuak-ukabilak" disko berri honek basatiagoa dirudi...
Entzuteko aukera izan duenak hala dio. Kantu batzuk benetan bortitzak dira. Bestalde, gure ustez, melodiak are ilunago eta hunkigarriagoak dira, kantu batzuk inoiz egin dugun gauzarik gogorrena dira, "Oihu" edo "Zirkua" kasu. Dena dela, disko hau aurrekoa baino sakonagoa eta melodikoagoa ere bada. Zenbait kantu bai letragatik, bai musikagatik, delikatuak dira, "Biziraun", "Eskuak", "Ebidenteegia"... Eskuak laztantzeko eta ukabilak min egiteko.

Kaki izan da produktorea oraingoan...

Bai. Ondo moldatu gara, estudiora sartu aurretik ez baikenuen berarekin aurre-ekoizpenik egina. Giroa ona izan da eta haren ideiak gehienetan egokiak iruditu zaizkigu. Berak ere gureak onartu ditu. Diskoari ukitu modernoa eman ziezaiokeela uste genuen, ahotsak eta bateriak nola lantzen dituen gustatzen zaigu, eta gure musikari zein itxura ematen zion ikusi nahi genuen.

Ez al zaizue diskoa laburregia iruditu?

Disko luzeegiak astunak dira guretzat. Begira, adibidez, Weezer-en azkenekoa: 28 minutu irauten du, baina segundu bat bera ere ez dago soberan. Konpara ezazu Metallicaren azkenekoarekin (nahiz eta gustuko ditugun); ezinezkoa da 60 minutu perfektu egitea. Berrogei minututan gauza asko esan daitezke. Disko luzeek freskotasuna galtzeko arriskua dute. Gure ustez, egokiena freskotasuna galdu gabe, musika garatzea eta heltzea da.

Zein gai jorratu duzue? Kolaboraziorik izan al duzue hitzetan?

Gure izenaren ildotik, oro har, salaketa kantuak dira, baina panfletismoan erori gabe. Hor daude "Oihu", "Pangea" (etorkinei buruzkoa), "Stereo" eta abar. Beti bezala, ezkor samarrak dira, baina halakoak ateratzen zaizkigu. Zer egingo diogu, bada? Gero, pertsona bezala, denok bizi ditzakegun gaiak ere jorratu ditugu: bakardadea, zer edo zer aukeratzerakoan sortzen diren zalantzak… hitz handi samarra den arren, poesiaren ukitu xumea dutenak, biziminari buruzkoak. Sarrionandiari beste letra bat ostu diogu; oraingo honetan, "Mundua begiratzeko leihoak". Noski, diskoko letrarik onena da, kar, kar…

Eta musikan?

Kantu guztiak gureak dira. Hori bai, "Mundua begiratzeko leihoak" abestian Jousilouliko Matxet-en laguntza izan dugu.

Euskal Herria txikia al da musikarientzat?

Euskal Herrian musika taldeok zorionekoak gara, hasieran jotzeko aukera asko baititugu. Taldea gora doan heinean, ordea, abantaila hori oztopo bihurtzen da, euskaraz kantatuz gero, kanpora ateratzea zaila da eta. Beraz, hemen gainezka egiteko arriskua dago. Dena den,gure musika kanpora exportatzen saiatuko gara, ez dugu lo hartzeko asmorik. Bestalde, askatasun osoa mantenduz profesionalizatzea ia-ia ezinezkoa da hemen: gutxitutako kultura bati buruz ari gara, eta hori polita da, baina aldi berean, gainditzeko zaila.

Taldeak hain ingurune txikian mugitzera "behartuta" daudenez, ito egiten dira. Bestalde, hiru disko asko direla dirudi, proiektu paraleloak sortzea modan dago, merkatua beteta dago, profesionalizatzea ezinezkoa da… Egia ote da ez dagoela etorkizunik?

Horrek eztabaida luzerako eman lezake. Ilusioa da garrantzitsuena. Ilusioa dagoen bitartean, aurrera egin behar da eta bide ezberdinak urratu. Gu talde gaztea gara, aurreko diskoarekin zorte handia izan genuen, baina ez dugu erosotasunean erortzeko inolako asmorik. Helburu pila dugu buruan. Etorkizuna badago, baina hala ere, talde berri eta berritzaileak falta dira. Pirateatzeak ere kalte izugarria egiten dio eszena osoari. Merkatu txikiaz ari gara eta honek dena pikutara bidal dezake. Jendeak kontzientzia hartu behar du; ez da gauza bera Erasoren diskoa pirateatzea ala Carlos Bauterena kopiatzea (azkeneko hau, gainera, gustu txarrekoa da).  Dena apur bat itzalita omen dago, baina hau berpizte indartsu baten aurreko atsedena izatea espero dugu.

Heavya da orain errege gure artean. Zuengan ere eragina izan du. Nola ikusten duzue egungo giroa?

Su Ta Garren garaitik beti egon da hemen heavya. Hainbat belaunaldi izan dira eta orain gaztetxoen artean beste bat omen dator. Egia esan, gu ez gara behin ere benetako heavyak izan. Su Ta Gar eta Metallica-zaleak bai, baina hortik aurrera ezer askorik ez. Noski, hasieran eraginak oso nabariak dira eta maketa garaian Eibarko taldeak, San Franciscokoak eta Megadeth besterik ez genituen buruan. Baina berehala, Nirvana, Rage Against The Machine, Korn, Weezer, System Of A Down eta horrelakoek mundu berri bat ireki ziguten. Oso musika ezberdinak entzuten ditugu. Belaunaldi berriko heavyak Iced Earth, Stratovarius edota Maidenengandik gertu ikusten ditugu eta estilo hori ez dugu batere jarraitzen. Estiloen gainetik, arrazoi bat dela, bestea dela, beste zenbait talde nahiago ditugu: Leihotikan (beharbada Euskal Herriko talderik gaizki-ulertuena), Lisabö, Jousilouli, Deabruak, PiLT... Hala ere, kanpoko musika entzuten dugu gehien.