Berdintasuna: gainditu gabeko irakasgaia

Berdintasuna: gainditu gabeko irakasgaia Suedian pelikula batzuk, etxetresna elektrikoak bailiran A handi bat dute itsatsita azalean. Baina zein da bere esanahia? Hain zuzen, “A” hori baldin badu Bechdel-en testa gainditu duen seinale da, hitz gutxitan: ez dela pelikula sexista alegia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berdintasuna-gainditu-gabeko-irakasgaia/@@download/image/Co2UiguWYAAJN4i.jpg
2019/03/20

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Suedian pelikula batzuk, etxetresna elektrikoak bailiran A handi bat dute itsatsita azalean. Baina zein da bere esanahia? Hain zuzen, “A” hori baldin badu Bechdel-en testa gainditu duen seinale da, hitz gutxitan: ez dela pelikula sexista alegia.
Berdintasuna: gainditu gabeko irakasgaia

Bedchel-en testa pelikula, telesail, komiki edo beste edozein adierazpen artistikok genero berdintasunerako minimo batzuk betetzen dituen ala ez ebaluatzeko metodoa da. 1985ean sortu zuen Alison Bechdel -hortik testaren izena- komikigileak. The Rule komiki tiran (Dykes To Watch Out komikiaren barruan) azaldu ziren test honen oinarriak eta mugimendu feministak bere egin zituen genero ezberdintasunak atzemateko pauta bezala erabiliz.


Bedchel-ek berak aurrekari eta inspirazio bezala Virginia Woolf-en A room of one's own (1929) entsegua aipatzen du. Bertan Woolf-ek fikziozko literatura ia guztian fikziozko emakumeen presentzia pertsonaia maskulinoarekin lotuta bakarrik azaltzea kritikatzen zuen eta pertsonaia femenino horien garrantzia pertsonaia maskulinoaren araberakoa izatea:

“Fikziozko emakumeak mentalki zerrendatuz, ohartu nintzen emakume guzti hauen harremanak sinpleegiak zirela. (...) Eta saiatu nintzen, nire irakurketetan sakonduz, bi emakumezko lagun bezala azaltzen ziren kasuren bat gogoratzen. (...) Emakume hauek amak eta alabak dira. Ia salbuespenik gabe gizonezkoekin duten harremanagatik besterik ez dira azaltzen. Arraroa da pentsatzea fikziozko emakume guztiak, Jane Austen-en garaira arte, beste sexuaren ikuspegitik behatzen zirela soilik edota beste sexuarekin zuten harremanagatik. Eta zeinen txikia den bizitzako zati hori emakume baten bizitzan...”

 Hori kontuan hartuta, aipatutako The Rule tirako pertsonaietako batek dio berak baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pelikulak soilik ikusten dituela. Lehenik, obran gutxienez emakumezkoak diren bi pertsonaia azaldu behar dute. Gainera, bi emakume horiek beraien artean hitz egin behar dute. Eta azkenik, elkarrizketa horren gaiak ezin du gizonezko baten inguruan izan. Harrigarria da, arauak sinpleak izanda ere zenbat suspentso dauden. Test hau gizonezkoei aplikatuz ordea, estreinatutako ia pelikula guztiek betetzen dituzte baldintzak.


Horrela, Bechdel-en testa zine eta telebista industrietan emakumezkoek duten presentzia urria nabarmentzeko modu erraz bihurtu da. Eskakizun baxuko testa izangatik, esanguratsuak dira pelikula famatuenetan aplikatuta lortutako emaitzak. Testa gainditzen ez duten pelikulen zerrenda argumentu bezala erabili ohi da, modu oso ikusgarrian frogatzen baitu zinen industrian zeinen gutxi hartzen den kontuan ikuspegi feminista. Horrela, pelikula askok ez dute gizartean emakumeek betetzen dugun proportzioa islatzen. Hain zuzen, teorian publiko femeninoari zuzendutako pelikula askok suspentso esanguratsuak lortzen dituzte guztion harridurarako. Zinemazale ugarik feminismoaren ikurtzat duten Breakfast at Tiffany's (1961) pelikulak adibidez hiru baldintzetatik bi besterik ez ditu betetzen. Disney-ko printzesa gehienek ere ez dute froga gainditzen. Hamahiru printzesetatik bostek bakarrik gainditzen dute testa eta gainera bost horiek estreinatutako pelikula berrienetan agertzen direnak dira: The Princess and the Frog (2009), Tangled (2010), Brave (2012), Frozen (2013) eta Moana (2016)

 Ez da ordea oso test ezaguna publiko zabalean, haatik, polemika eta iritzi ezberdin ugari sortu ditu. Askok aipatu dute esajeratuegia iruditzen zaiela testa. Proba honek ez baititu kontuan hartzen gidoia edo istorioa kokatua dagoen testuingurua. Modu berdinean epaitzen ditu The Avengers (2012) edo Der Name der Rose (1986). Azken honetan, kontuan hartu gabe trama erdi aroko monasterio batean gertatzen dela eta horregatik ez dagoela ia emakumerik filmean.

Test honekiko kritika ezkorrenetakoa El Cosmonauta (2013) filmeko zuzendaria den Nicolás Alacalá-renak dira: “Badira genero berdintasuna lortzeko test hau baino modu eraginkorragoak, baina horretarako hezkuntza indartu behar dugu. Nire dudak ditut test honek horretarako balio ote duen.” Bada iritzi bateratzaileagoa duenik ere. La habitación de Fermat (2007) pelikulako zuzendaria den Rodrigo Sopeñak hauxe dio: “Mundu audiobisuala ez da matxista edo feminista. Hala balitz, normala litzateke pelikulak matxistak edo feministak izatea beraien autoreen arabera. Emakumezko pertsonaia gehiago ez dagoelako arduratzea, Logroñoko pertsonaia gutxi azaltzen direlako arduratzearen parekoa da. Ez dira irainduak sentitzen ez emakumeak, ezta Logroñokoak ere eta are gutxiago Logroñoko emakumeak.”

Test hau ez baita bere horretan test feminista bat. Pelikula batek gainditu dezake testa eta ez izan feminista, edo suspenditu eta gai feministak tratatu. Bechdel-en testaren helburu nagusia zine eta telebistaren industrian dauden ezberdintasunak azpimarratzea da. Gainera, gai hauekin zuzena izatea ez dela erreza dio Sopeñak, sekulako dilemak sortu baitaitezke: “La hora de José Mota telebista programan El cansino histórico deitutako atala genuen. Orotara hamahiru esketx ziren eta bertan hamahiru pertsona historikok biolentzia eta irainak jasan behar zituzten baserritar baten eskutik. Pertsona horiek José Mota aktoreak antzeztu zituen. Hau planteatzerakoan ordea dilema honekin aurkitu ginen: Hamahiru gizonezko soilik interpretatzen bazituen helarazten genuen ideia zen pertsona garrantzitsu guztiak gizonezkoak direla eta ez genuen hori nahi. Aldiz, emakumezkoak gehitzen bagenituen, emakume horiek irain, mehatxu eta kolpeak jasan beharko zituzten, hau da: genero biolentzia. Eta noski, hori ere ez genuen nahi eta gainera, arrazoi osoz, ez zen ongi ikusia izango publiko zabal baten barruan. Ez aurrera ez atzera geunden. Azkenik, esketx batean historiako emakume ospetsu batek baserritarra erasotzea erabaki genuen, ideiari buelta emanez, salbuespen moduan. Zaila da sentsibilitate guztiak kontuan hartuz erabat zuzena izatea.”

Iritziak iritzi, aitortu behar da, Alison Bechdel-ek erdi txantxetan sortu bazuen ere, onartu behar da test hau pelikula edo telesail bat genero berdintasunean oinarritzen ote den frogatzeko modu oso praktikoa izan dela orain arte, obrek emakumeekiko sentsibilitate minimo bat duten edo ez ikusteko oso baliagarria. Baina ez ote dago egun modaz pasata? Esango nuke, garaiak aldatzen doazen moduan, test honek ere berrikuntzak behar dituela. Egun pelikula eta telesailak ikusteko moduak aldatu diren bezala, hauek aztertzeko tresna berriak behar dira. Bada jada honetan pentsatu duenik eta proposamen berri interesgarri ugari daude:

 

Uphold-en testa

Rory Uphold aktore eta zuzendariak kamera atzean begiratzea proposatzen du: begiratu langileen %50 ea emakumezkoak ote diren, berdintasuna lortzerako garaian ez baita dena pertsonaiekin bukatzen. Hau gauzatzea ia ezinezkoa da ordea. Kamera, laguntzaile, produkzio, gidoilari eta abar kontuan hartuta ere, pelikula gehienetan emakumezkoen presentzia oso eskasa izan ohi baita.

Koeze-Dottle-en testa

Dottle eta Koeze kazetariek nahiago dute protagonistak ez diren pertsonaiak behatu. Ez du horrenbeste axola pertsonaia nagusiak emakumezkoak izatea, beti ere, bigarren mailako pertsonaien erdiak emakumezkoak baldin badira. Modu ona da onartzeko pelikulako protagonistak gizonezkoak izan daitezkeela baina emakumezkoak errealitatearen zati direla.

Rees Davies-en testa

Kate Rees Davis ekoizle eta zuzendariak ez du %50eko errepresentazioa bezain beste eskatzen. Bai eskatzen du ordea produkzioek minimo batzuk betetzea, horrela departamentu bakoitzean gutxienez emakume bat edo bi egonaz. Deigarria da, hain gutxi eskatuta ere, telesail eta pelikula gehienek arazoak izatea proba gainditzerako orduan.

Peircel-en testa

Boys don't cry (1999) pelikulako zuzendariak pertsonaia femeninoen errepresentazioa zaindu behar dela uste du. Bere ustez, gutxienez protagonista edo antagonista den pertsonaia femenino bat egon behar du, bere istorio propioarekin. Pertsonaia honek geruzak izan behar ditu, bere desira propioak eta bere ekintza dramatikoak burutzeko beharra eta publikoak enpatia sentitu behar du desira hauekiko.

Argi dago zinema eta telesailen munduan emakumezkoen ikuspegiak ez direla ohikoak. Errepresentazio hori gehitzeko beharrezkoa da emakumeei ikus-entzunezko munduan aukerak ematea, ez aktore bezala bakarrik, baita gidoilari edo zuzendari bezala ere. Baina obra edo istorioak berak Bechdel-en testaren baldintza horiek bete behar izatea ze punturaino da positiboa artearentzat? Ez al da artearen helburua barruak astintzea, gure egia guztiak zalantzan jarriz pentsamendu berriak sortaraztea? Beharbada horretarako beharrezkoa da giro matxista bat sortzea eta hala ere, izan daiteke pelikula feminista bat hain zuzen, gizarte matxista baten kritika egiten duelako. Ederto irizten diot ahalik eta gehien berdintasuna zaintzen saiatzeari, baina ez diezaiogun arteari mugak jarri aprobatu hutsal baten mesedetan.

Testa gainditzen duten hainbat pelikula ospetsu:

  • La vie d'Adèle (2013)

  • Ghost World

  • Rebecca (1940)

  • The Edukators (2004)

  • The Great Dictator (1940)

  • Precious (2009)

  • Before Sunset (2004)

  • La Grande Bellezza (2013)

  • Mi vida sin mí (2003)

  • Thelma & Louise (1991)

 Testa gainditzen ez duten zenbait pelikula ospetsu:

  • Star Wars trilogia originala (1977, 1980, 1983)

  • The Dark Knight (2008)

  • When Harry met Sally (1989)

  • The Terminator (1984)

  • Salvation (2014)

  • Avatar (2009)

  • Trainspotting (1996)

  • Mission: Impossible (1996)

  • Toy Story (1995)

  • Gladiator (2000)

  • Back to the Future (1985)

  • Lara Croft: Tomb Raider (2001)

  • X-Men (2000)

  • Austin Powers saga (1997, 1999, 2002)

  • District 9 (2009)

  • Ghostbusters (1984)

  • The Big Lebowski (1998)

  • The Fifth Element (1997)

  • Reservoir Dogs (1992)

  • The Truman Show (1998)

  • Up (2009)

  • Breakfast at Tiffany's (1961)

  • The Lord of the rings saga (2001, 2002, 2003)