Benetako anaia handia. Anonimoa al da sarea?

Batzuentzat ezezagunak diren arren, konspirazioei buruzko orrialdeak bisitari gehien dituztenetakoak dira sarean. Orrialdeotako zenbaitetan benetako informazioak baino sentsazionalismoa dago, baina hala ere, merezi du ideia eta iritzi batzuk entzutea. Izan ere, askoren ustez, Anaia Handia telesaioa ("Gran Hermano"/-"Loft Story") baino zerbait gehiago da
Orrialdeok guztiok gauza harrigarri eta pentsaezinen berri ematen digute: gizakia ez zela benetan ilargira iritsi, adibidez, edota mundu osoa kontrolpean izateko asmoz, gobernurik ahaltsuenek espioitza sarea sortu dutela, Echelon izenekoa.
Azken baieztapen hau, ordea, ez da erokeria: duela zenbait hilabete jakin genuenez, EEBBetako FBI erakundeak unibertsitatean sortutako programa bat erabili izan du internet zerbitzariak kontrolatzeko. Programa zerbitzarietan ipintzen da. Oso erraza da. Posta jaitsi nahi dugunean, posta zerbitzariari mezuak gure ordenadorera bidaltzeko esaten diogu eta era berean, web orrialde batean sartzen garenean, orrialde hori duen zerbitzariari gure ordenadorera bidal dezan esaten diogu. Beraz, nabaria denez, inor gu kontrolatzekotan badabil, nahikoa du zerbitzariotan programa bat ezartzea bertan mugitzen den informazioa zaintzeko. Aplikazioak Carnivore izena du eta argi dago FBIk erabili duela, erakunde honek haren erabilera arautzeko legea aurkeztu du eta. Jakina, esan dutenez, aplikazioa "terroristak" aurkitzeko besterik ez dute erabili behar. Hala ere, arrazoi hauek pribatutasuna eta intimitatearen aurka jo ahal izatea justifikatzeko jarri ohi dira mahai gainean.
Mundu osoko espioitza eta entzute sarea osatzeko lehen urratsa da hauxe, telefonoz, satelitez, e-mailez, faxez dabiltzan informazio guztiak kontrolatzeko. Lehen esan bezala, sare honek Echelon izena du, eta orain arte jakin dugunaren arabera, EEBBena eta Erresuma Batuarena da. Enfopol ere hor dago, gauza bera da, baina oraingo honetan atzean Europako estaturik indartsuenak daude.
Gure gomendioa
Hona hemen gai honi buruz gehiago jakiteko, zenbait liburu eta web orrialde: 1984 (George Orwell)
www.conspiracy-net.com
www.ugr.es/~aquiran/cripto/enfopol.htm
www.kriptopolis.com/dav/index.html