Beldurraz gozatzeko prest?

Beldurraz gozatzeko prest? Hemen da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea! Aukeratu duzu zure filma? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beldurrez-gozatzeko-prest/@@download/image/42394654_1716285888470724_3859802626908487680_n.jpg
2018/10/22
Hemen da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea! Aukeratu duzu zure filma?
Beldurraz gozatzeko prest?

Iritsi da unea! Gertu dago Halloween, eta hildakoen festarekin batera, urteroko zita Donostiako Antzoki Zaharrarekin: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea! Aurten hilaren 27an hasi eta azaroak 2 amaituko da zinema jaialdia. Aukeratu duzu zer ikusi nahi duzun?

Julius Avery estatu batuarraren Overlord (2018) filmak zabalduko du jaialdia hilaren 27an, larunbata, eta beste 26 filmek osatuko dute sari nagusiarengatik lehiatuko direnen Sail Ofiziala. Josemi Beltran zuzendariaren esanetan “generoaren urteko uztak eman dituen film onenak” izango dira hauek, Europako autore zinema, AEBko ekoizpen komertzialagoak, Latinoamerikako lanak, eta Hego Korea zein Japoniako proposamenak.

Antolatzaileek nabarmendu dute generoan ikur diren zinemagileen proposamenak izango ditugula pantailan: Lars Von Trier danimarkarraren The House That Jack Built (2018), Pascal Laugier frantsesaren Ghostland (2018), edota Shinsuke Sato japoniarraren Inuyashiki (2018), esaterako. Quinn Lasher estatubatuarraren He’s Out There (2018) filmaren proiekzioak itxiko du jaialdia, azaroaren 2an.

Sail Ofizialaz harago, film laburrek ere inoizko garrantzirik handiena izango dute aurten. Hiru ataletan banatuko da haien parte hartzea (nazioarteko lehiaketa, animaziozko film laburren saila eta espainiar jatorria dutenen atala), eta bada Euskal Herriko filmik bertan: Iban del Campo arrasatearraren Espedizio handia (2018). Aipaturiko Film Laburren Nazioarteko Sailean lehiatuko da beste hamabost filmekin, Publikoaren Saria (1.000€), Nazioarteko Epaimahaiaren Saria (1.000€) eta Gazte Epaimahaiaren Sariak eskuratzeko.