Beldurra Salgai

Beldurra Salgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beldurra-salgai/@@download/image/20119194073no+habra+paz.jpg
2012/12/13
berria
Aitor Abaroa
Hasiera bikaina du Enrique Urbizu bilbotarraren lan berriak: 'No habra paz para los malvados'. Genero beltza purian, hamabost minutuz. 

Giro astuna, atrezzoan detailerik txikiena, argi-ilunen jolas eraginkorra, indarkeria gordina… Eta batez ere, Jose Coronadok ezinhobeto antzezten duen polizia higuingarriaren bidea jarraitzeko desioa.

Zoritxarrez, Santos inspektorearen bidea adar gehiegitan zabaltzen da: kolonbiar trafikatzaileak, polizia gorpuen arteko ezinikusiak, marokoar terroristak… eta protagonistaren motibazio pertsonalak desitxuratuta geratzen dira. Ikuspuntu kontua da, baina hain ondo landutako pertsonaia horrek hainbeste konfabulaziorik gabe gehiago emango lukeela uste dut.

Jose Coronadok prentsaurrekoan esan du bere pertsonaia "inondik inora" ez dela heroi bat. Bere burua salbatu beste asmorik ez duela. Hain zuzen ere, horixe da nik ikusi diodan aukera, baina gidoiaren bihurdurek kontrako sentsazioa utzi didate. Are gehiago, zuzendariak garrantzitsutzat jo dituen azken planoak kontuan hartuta. Ez dugu hemen kontatuko (ekoizleak hala gomendatu digulako) zer gertatzen den, baina moralina ustel usaina hartu diet nik.

Urbizuk berak esan du: "Azken plano horiekin ezinegona sortu nahi izan dut, bizi dugun intseguritatea irudikatu". Beldurrez hitz egiten dihardugu bi egunez. Atzo Fresnadillok esan zuen: "Gurasoek gezurrak eta beldurra baliatzen dituzte seme-alabei gauza ilunak ezkutatzeko". Urbizuk zein lezio eman nahi izan digan zalantza daukat.





'No habra paz para los malvados'


Zuz: Enrique Urbizu.
Akt: José Coronado, Helena Miquel, Juanjo Artero.