'Beldur barik' ikus-entzunezko lehiaketa gazteentzat

'Beldur barik' ikus-entzunezko lehiaketa gazteentzat Berdintasun eta errespetuaren baloreak landu eta indarkeria sexistaren gaitzespena erakusten duten lanak aurkeztu beharko dituzte 12 eta 26 urte arteko gazteek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beldur-barik-ikus-entzunezko-lehiaketa-gazteentzat/@@download/image/beldur barik.png
2021/09/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Berdintasun eta errespetuaren baloreak landu eta indarkeria sexistaren gaitzespena erakusten duten lanak aurkeztu beharko dituzte 12 eta 26 urte arteko gazteek.
'Beldur barik' ikus-entzunezko lehiaketa gazteentzat

Beldur Barik programak Beldur Barik Jarrera! izeneko ikus-entzunezko lehiaketaren 12. edizioa antolatu du emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen adierazpenak onartu, baloratu eta bultzatzeko. Lehiaketara aurkeztutako ikus-entzunezko lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarreren adierazgarri izan behar dute. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko dute: nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen konpromisoa matxismoaren aurka.

Edozein adierazpen artistiko onartuko dute, beti ere ikus-entzunezko euskarrian aurkeztuta: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketa-testuak, bideoklipak, argazkiak, fotomuntaketa, fotonobelak, lipdub-ak, dantzak, film laburrak, animaziozko proiektuak, proiektuen edota artelanen aurkezpenak, performanceak, herritarren esku-hartzeak, etab. Lanak euskaraz, gaztelaniaz zein elebitan aurkez daitezke baina nahitaezkoa izango da azpititituluak jartzea, eta asko jota hiru minutuko iraupena izango dute bideoek.

EAEn bizi diren 12 eta 26 urte bitarteko gazteek har dezakete parte eta hiru kategoriatan banatuko dira adinaren arabera. Gehienez hiru proiektu aurkeztu ahal izango dira pertsona edo talde bakoitzeko. 

Lanak azaroaren 5a baino lehen bidali behar dira eta azaroaren 13an jakinaraziko dute zein izan diren sarituak. Kategoria bakoitzeko lehen sarituak 400 euro jasoko ditu eta aipamen bereziak 200 euro. Horretaz gain, ikus-entzunezko lan onenaren saria eta parte-hartzearen saria ere izango dira, 200 eurokoak biak. Herri-bozketan boto gehien lortu dituenak eskuratuko du parte-hartzearen saria.

Lehiaketaren inguruko oinarri guztiak hemen daude jasota. 

Kai Nakai-ren kantua
Kai Nakai artista gasteiztarrak Nahikoa dela izeneko abestia sortu du Beldur Barik programarako. Hirugarren kategoriako aipamen berezia jaso zuen berak iazko lehiaketan ‘Gure Misioa’ lanarekin.

 12. edizioko irudia ere iazko sarituetako batek egin du, Uxue Bereziartua ilustratzaileak. Errebelazioa lanarekin lortu zuen saria.