Belarria gozatzeko

Belarria gozatzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/belarria-gozatzeko/@@download/image/34p38-1_1368650416.jpg
2003/10/03
erreportajea
Xabier Mtz de Arbulo
Belarria gozatzeko
Musika gogoko baduzu, badakizu internet ikasteko eta musikari gehiago ezagutzeko tresna onenetakoa dela. Horregatik, bisita ugari izan ohi dituzte musikari buruzko orrialdeek. Hona hemen, sarean ez galtzeko ezinbesteko zenbait helbide.

Oro har, gauza batengatik nabarmentzen dira musika orrialdeak: diseinu berritzailea dutelako eta edukiak interesgarriak direlako. Gugandik gertuen dauden orrialdeetara joko dugu gaurko bidaian, eta bidean Metak disketxearen orrialdean ezinbesteko geldialdia egin behar da:  www.musikametak.com. Bertan oso talde interesgarrien informazioa aurki daiteke: EH Sukarra, Miztura Sen, Skunk, Etsaiak, Ruper Ordorika… Horrez gain, beste proiektu polit baten link-a ere topatuko duzu: Basque Electronic Diaspora-rena. Talde honek musika elektronikaren arloan ari diren diasporako proiektuak ezagutarazi nahi ditu. 
Disketxeekin jarraituz, ezin aipatu gabe utzi Gor (www.gordiscos.com), Gaztelupeko Hotsak (www.hotsak.com), Oihuka (www.oihuka.com) eta Milagritos (www.milagritos.com). Gure inguruko disketxe garrantzitsuenak dira.

Baita musika aretoak ere
Kontzertuak antolatzen dituzten aretoen orrialdeetan geldialdia egitea ere merezi du. Kontzertuei buruzko informazioa ematen dute. Gainera, sarrerak erosteko aukera izaten da. Eta nahi izanez gero, helbidea utz dezakezu, areto hauek egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa e-mailez bidal diezazuten. Gipuzkoan, Bergarako Jam (www.salajam.com)eta Irungo Tunk (www.tunk.es) dira garrantzitsuenak. Gasteiz aldean, Azkena (www.azkena.com)dugu ezagunena. Eta Bilbon, Kafe Antzokia(www.kafeantzokia.com).   

Eta azkeneko geldialdira heltzear gaude: nazioarteko musikari buruzko orrialdeetara. Zalantzarik gabe, www.allmusic.com da onena: taldeak, diskografiak, elkarlanak… Gure garaiko musikaren historiaren monastegia da orrialde hori. Nabigatu eta belarria gozatu.