Bego Antonen 'Botanical Frenzy' erakusketa zabaldu dute Gasteizko Montehermoson

Bego Antonen 'Botanical Frenzy' erakusketa zabaldu dute Gasteizko Montehermoson Kolonialismo botanikoaren inguruko hausnarketa egin du Antonek, argazkigintzaren bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bego-antonen-botanical-frenzy-erakusketa-zabaldu-dute-gasteizko-montehermoson/@@download/image/botanical_frenzy_3-scaled.jpg
2022/07/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kolonialismo botanikoaren inguruko hausnarketa egin du Antonek, argazkigintzaren bidez.
Bego Antonen 'Botanical Frenzy' erakusketa zabaldu dute Gasteizko Montehermoson

Bego Anton artista bilbotarrak kolonialismo botanikoaren eta landare-itsutasunaren historia aztertzen du erakusketan, “orkidea-sukarra” izenez ezagutzen den fenomenoaren bidez. 1798an eta Cook Kapitainaren HMS Endeavour ontzian bidaia luzea egin ondoren, Europan lehen orkideak sartu zituen Sir Joseph Bank botanikariak. Hor hasi omen zen “orkidea-sukarra”, eta lore hau estatus sozialaren sinbolo bihurtu zen. "Britainiar dirudun askok orkidea ehiztariak bidali zituzten munduan zehar eta oihan osoak arpilatu zituzten lore preziatu horiek lortzeko. Ez zuten loreak hazten ziren zuhaitzak moztu eta erretzeko eragozpenik, eta horrek beste espezie asko galtzea ekarri zuen. Bien bitartean, Britainiar Inperioan, orkideak enkantean jartzen ziren, milaka liberan", azaldu dute antolatzaileek. Antonek naturaren inguruko historia hau argazkigintzaren eta sorkuntza artistiko garaikidearen bidez errepasatzen du erakusketan. 

Bego Antonek Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Argazkigintza Dokumentalean espezializatu zen Bartzelonan. Bere lana giza portaeran oinarritzen da eta mundu naturalarekin dugun inplikazio psikologiko eta moralari buruz hausnartzen du. Bere lana, besteak beste, New York Times, Nacional Geographic, Le Monde eta CNN Photos egunkarietan argitaratu da. Gainera, New Yorken, Suitzan, Islandian, Alemanian, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta beste hainbat lekutan egin ditu erakusketak. 2017an PhotoEspaña errebelazio saria jaso zuen. Iaz Proiektu Artistikoen deialdiaren barruan aukeratutako proiektua da erakusketan aurkeztu duena.

Erakusketa irailaren 11ra arte egongo da zabalik, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Igandeetan eta jaiegunetan, berriz, goizeko ordutegian bakarrik egongo da irekita.